Itxi

Osasuna

2-0

Osasunak porrota jaso du Leganes aurkari zuzenaren aurka

Erredakzioa

Gorritxoek 2-0 galdu dute Butarquen, eta play-off postuetatik at daude Adelante Ligako sailkapenean. Madrilgo taldea, aldiz, bigarren da orain, eta lau puntu ateratzen dizkio talde nafarrari.

Osasunak 2-0 galdu du Leganesen aurka Butarque zelaian, eta gorritxoak play-off postuetatik at geratu dira. Leganes aurkari zuzena da, eta Madrilgo taldea bigarren postuan da orain, 43 punturekin, eta Osasuna, berriz, lau puntura dago.

Lehen zatian, zelai erdiko borroka izan da nagusi bi taldeen artean, eta abaguneak oso urriak izan dira. Bi taldeetako bat ere ez da gai izan aurkariaren ate aurrean aukera argiak sortzeko. Norgehiagokako 25. minutuan iritsi da Osasunaren abagune onena, baina Serantes atezainak desbideratu egin du arriskua. Gorritxoak zelaian ondo kokatuta egon dira, baina lehen zatiko azken txanpan Leganes baloiaren jabe egin da. Madrilgo taldeak ez du abagune argirik sortu, baina 1-0ekoa sartu du 40. minutuan, estrategiako jokaldi baten bitartez. Szymanowski izan da golegilea, eta etxeko taldearen aldeko 1-0eko emaitzarekin iritsi da partida atsedenaldira.

Bigarren zatiaren hasieran, maldan gora jarri zaio norgehiagoka Osasunari; izan ere, Manuel Sanchezek bigarren txartel horia ikusi du 48. minutuan, eta zelaia utzi behar izan du. Jokalari bat gutxiagorekin, gorritxoak Leganesen menpe geratu dira. 56. minutuan, Osasunaren defentsak kale egin du, eta Leganesek 2-0ekoa sartu du; Ruben Peña izan da golegilea.

Osasuna ezinean ibili da bigarren zati osoan, eta Leganesek abagune mordoa izan ditu. Gorritxoen atezaina, Nauzet, oso ondo ibili da, eta Leganesen hainbat aukera ezerezean utzi ditu. Madrilgo taldeak 73. minutuan izan du abagune onena, aukera hirukoitza; Nauzeten lanari eta Leganesko jokalarien punteria faltari esker, baloia ez da sare barrura sartu. Azken minutuetan, asko sufritu dute gorritxoek, baina ez dute gol gehiago jaso. Horrela, Leganes taldeak urrezko hiru puntu lortu ditu igoerako lehiari begira.

Fitxa teknikoa:

2 - Leganes: Serantes; Víctor Diaz, Insua, Mantovani (Albizua, 70. min), Cesar Soriano; Alberto Martin, Sastre (Timor, 67. min), Gabriel; Omar (Toni, 85. min), Szymanowski eta Ruben Peña.

0 - Osasuna: Nauzet; Tano, M. Flaño, David Garcia, Unai Garcia, J.Flaño; Manolin, Jose Garcia (Olavide, 46. min), Oier; Nino (Urko Vera, 62. min) eta Pucko (Alex Berenguer, 54. min).

Golak: 1-0, 40. min: Szymanowski. 2-0, 57. min: Ruben Peña.

Epailea: De la Fuente Ramos.

a Fuente Ramos.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Osasuna