Itxi

Osasuna

0-1, Kordobaren aurka

Osasunak garaipen garrantzitsua lortu du azken minutuan

Erredakzioa

Kordobaren aurka partida oso parekatua jokatu ostean, Alex Berenguerrek 92. minutuan sartutako golak garaipena eman die gorritxoei igoera lortzeko aurkari zuzena den talde andaluziarraren aurka.

  • Kordoba-Osasuna. Argazkia: EiTB

    Osasunak 0-1 irabazi dio Kordobari. Argazkia: EiTB

Osasunak urrezko hiru puntu eskuratu ditu, Kordobari 0-1 irabazita. Gorritxoen gola partidako azken minutuan etorri da, eta Alex Berenguer izan da golegilea. Garaipen honekin, Nafarroako taldea playoff postuetara itzuli da, eta 43 punturekin Kordoba harrapatu eta gainditu egin du sailkapenean, averageagatik.

Lehen zatia erritmo bizikoa eta oso lehiatua izan da. Gorritxoek izan dute lehen abagunea 2. minutuan, baina Flañoren errematea langa gainetik kanpora joan da. Jarraian, Kordobaren erantzuna etorri da. Oso aukera argia izan dute andaluziarrek bosgarren minutuan; falta baten ostean, Andoneren errematea oso gutxigatik kanpora joan da. Lehen abagune hauen ostean, norgehiagokaren erritmoa pixka bat jaitsi da, eta bi taldeek arnasa hartu dute. 18. minutuan, ordea, Kordobak lehen gola sartzeko aukera bikaina izan du, baina Pedro Riosen jaurtiketak langa jo du. Bi minutu beranduago, Razak atezainak Urko Veraren erremateari erantzun bikaina eman dio, Osasunaren gola eragotzita. Azken abagune horretatik atsedenaldira iritsi arte aukera bakarra egon da, eta Osasunak izan du; Alex Berenguerren jaurtiketa, ordea, gutxigatik kanpora joan da, jokaldi bikain baten ostean. Beraz, golik ez lehen 45 minutuetan.

Bigarren zatian gehiago kosta zaie bi taldeei abagune argiak sortzea. Lehia bortitza izan dute baloiaren jabe egiteko, baina bietako bat ere ez da nagusitzeko gai izan. 60. minutuan Osasunak izan du partidako lehen gola sartzeko abagunea, baina Roberto Torresek maisuki jaurtitako falta zutoinera joan da. Segidan etorri da Kordobaren erantzuna Hector Rodasen errematearen bitartez, baina Nauzet atezainak andaluziarren gola eragotzi du, gelditu paregabea eginda. Ordutik aurrera, lehia guztiz parekatu da. Kordobak abagune bat izan du 78. minutuan Andonek egindako jokaldi on baten bitartez. Osasunak 81. minutuan izan du abagunea Razak atezainak desbideratu duen De las Cuevasen jaurtiketa baten ondorioz.

Azken minutuan, gorritxoek partida irabazteko abagune argia izan dute, baina De las Cuevasek aukera argia huts egin du. Hurrengo jokaldian, ordea, Kordobako jokalariek kale egin dute defentsan eta Alex Berenguer azaldu da baloia area barruan jaso eta Razak gainditu ostean Osasunari garaipena emateko (0-1).

Fitxa teknikoa:

0 - Kordoba: Razak, Stankevicius, Héctor Rodas, Deivid, Domingo Cisma; Pedro Ríos (Nando, 63. min), Eddy Silvestre, Markovic (Víctor Perez, 46. min), Fidel (Pineda, 83. min); Xisco eta Florin.

1 - Osasuna: Nauzet; Oier, Miguel Flaño, David Garcia, Javier Flaño; Merino; Pucko (Kenan Kodro, 68. min), Roberto Torres, Otegui (De las Cuevas, 51. min), ÁAlex Berenguer; Urko Vera (Nino, 72. min).

Gola: 0-1, 92. min: Alex Berenguer.

Epailea: Valdes Aller.