Itxi

Osasuna

3-1

Osasunak kale egin du Albaceteren aurka

Erredakzioa

Gorritxoek 3-1 galdu dute, lehen zati kaskarra jokatuta. Bigarren zatian itxura hobea eman du talde nafarrak, baina etxekoak nagusi izan dira, eta merezitako garaipena eskuratu dute.

  • Osasuna. Argazkia: EiTB

    Nauzet, Osasunako atezaina. Argazkia: EiTB

Osasunak 3-1 galdu du Albeceteren aurka eta atzerapausoa eman du igoera postuetan sartzeko lehian. Etxeko taldea nagusi izan da, eta merezitako garaipena lortu du.

Albacetek gorritxoek baino askoz hobeto ekin dio norgehiagokari eta lehen minutuetako abagune argienak etxeko taldearentzat izan dira. Osasuna ezinean ibili da lehen txanpan; Albacete, aldiz, erasokor. Etxekoak ekin eta ekin ibili dira, eta 20. minutuan 1-0ekoa sartu dute Pulidoren bitartez. Golak min egin dio Osasunari eta talde nafarra ez da erantzuteko gai izan. Albacete jaun eta jabe izan da lehen golaren ostean eta Nauzet atezainak lan eskerga izan du etxekoen abaguneei erantzuten. Osasunako atezainak lan bikaina egin du, baina 32. minutuan ezin izan du Albaceteren bigarren gola eragotzi; Fede Vico izan da golegilea (2-0).

Bigarren gola jaso ostean etorri da Osasunaren erantzuna. Gorritxoak arriskua sortzen hasi dira aurkariaren ate inguruan eta atsedenaldia baino lehen, 42. minutuan, Urko Verak aldeak murriztea lortu du (2-1). Etxekoen aldeko gol bateko aldearekin iritsi da norgehiagoka atsedenaldira.

Gorritxoak oso ondo atera dira zelaira bigarren zatian eta abaguneak izan dituzte hasieratik. Roberto Torresek egindako falta jaurtiketa bat partida berdintzetik gertu egon da 52. minutuan, baina Albaceteko atezainak baloia desbideratzea lortu du. 65. minutuan, aldiz, Olavidek jokaldi ona egin eta bere jaurtiketa gutxigatik kanpora joan da, zutoina urratuta. Azken minutuetan Osasunak erasora jo du berdinketaren bila, baina zorigaiztoko jokaldi batean, Roberto Torresek eskuarekin kontrolatu du baloia area barruan eta epaileak Albaceteren aldeko penaltia adierazi du. Ruben Cruzek egin du jaurtiketa eta partida guztiz erabakita utzi du (3-1), 84. minutuan.

Porrot honekin Osasunak puntu bat hurrunago du igoera zuzena ematen duen bigarren postua eta playoff postuetatik at gera daiteke igandeko partiden emaitzen arabera.

Fitxa teknikoa:

3 - Albacete: Juan Carlos, Antoñito, Gonzalo, Pulido, Paredes, Cesar Diaz (Jason, 76. min), Mario Ortiz, Edu Ramos (Diego Benito, 64. min), Fede Vico (Ruben Cruz, 81. min), Portu eta Curto.

1 - Osasuna: Nauzet, Javier Flaño (Olavide, 54. min), Miguel Flaño, Tano, David Garcia, Maikel (Otegui, 76. min), Roberto Torres, De las Cuevas (Pucko, 54. min), Martins, Urko Vera eta Nino.

Epailea: Ais Reig.

Golak: 1-0, 19. min: Pulido. 2-0, 30. min: Fede Vico. 2-1, 41. min: Urko Vera. 3-1, 86. min: Ruben Cruz.

in: Ruben Cruz.