Itxi

Osasuna

F Liga

Osasuna mendean hartuta, Espanyol F Ligara igo da

EITB MEDIA

Osasunak ez du baliatu Sadarren eskuratu zuen gol bateko abantaila, eta porrot egin du Espanyolen kontra Lehen Mailara igotzeko finalaren bueltako partidan.

0:39
Lice Chamorrok sartu duen lehen gola. Argazkia: EFE

Osasunak ez du datorren denboraldian F Ligan jokatuko, gaur arratsaldean Espanyolek nabarmen garaitu baitu (3-1) Lehen Mailara igotzeko play-offaren finaleko bueltako partidan.

Gorritxoek 1-0 irabazi zuten joan den igandean Sadarren, eta itxaropentsu zelairatu dira Dani Jarque Kirol Hiriko zelaian. Alabaina, hasieratik dena joan zaie gaizki.

Lehendabiziko gola, 20. minutuan jaso dute. Maitanek huts nabarmena egin du, eta Lice Chamorrok lehen gola sartu du Espanyolentzat.  

Talde katalanak gora jotzen jarraitu du, eta Chamorrok bigarrena egin du 38. minutuan. Osasuna saiatu da aurrera egiten eta partidan sartzen, baina Espanyol oso sendo egon da, eta hirugarren gola 54. minutuan sartu du Ana Hernandezek, korner bat atera ostean. Hortxe amaitu da Lehen Mailara igotzeko lehia.

Merche Izalek egin du gorritxoen gola, 85. minutuan, jaurtiketa geldiezina eginda. Gol bat gehiago behar zuten, luzapenera joateko, baina ez da ezustekorik izan eta 3-1 bukatu da norgehiagoka.

Horrenbestez, Espanyol F Ligara itzuliko da, eta Osasunak datorren denboraldira arte itxaron beharko du bere ametsa betetzeko.