Itxi

Futbola

3-1 Mendizorrotzan

Alavesek sendo gainditu du Numantziaren aurkako finala

Erredakzioa

Guzmanek, Manu Garciak eta Viguerak (penaltiz) egin dituzte Alberto Lopezen gizonei ezinbesteko garaipena eman dieten golak. Azken jardunaldiak erabakiko du dena.

  • Argazkia: EiTB.

    Argazkia: EiTB.

Alavesek urrezko hiru puntu eskuratu ditu larunbat honetan Mendizorrotzan, Numantziari hiru eta bat gailenduta, eta sendo jarraitzen du Bigarren B mailako jaitsiera saihesteko borrokan. Guzmanen, Manu Garciaren eta Vigueraren golei esker (azken hori penaltiz lortu du gasteiztarren golegileak), erabat erabakigarria izango da datorren asteburuan Alavesek Jaenen izango duen neurketa. Alberto Lopezen mutilek irabazi egin behar dute aurkari zuzena den talde baten aurka, eta, salbatzeko, lehia berean sartuta dauden talde batzuen emaitzak euren aldekoak izan beharko lirateke. Besteak beste, Girona, Real Madril Gaztela, Mallorca eta Lugoren emaitzak erabakigarriak izango dira.

Urduritasuna hasieran, erabakita ordu erdiaren faltan

Partidaren hasieran, argi geratu da zein desberdinak ziren bi taldeen egoera eta animoa : Alaves, urduri, gola jasotzeko zorian egon da, baina zutoinak galarazi du. Numantzia, aldiz, oso lasai zegoen berdegunean. Dena den, 15. minututik aurrera, Alavesek jokoaren kontrola hartu du, eta gero eta sendoago azaldu dira Albertorenak. Horrela, 30. minutuan eta jaurtiketa eder batean, lehen gola sartu du Guzman Casasecak. Mendizorrotza osoa altxatu da, baina oraindik bazegoen oso zail zirudien bigarren zatia.

Dena dela, bigarren zatiko lehen minutuek erabaki dute partida. Alavesek bi gol jarraian egin ditu, Manu Garcia eta Borja Vigueraren bidez, eta alde handia ezarri dute markagailuan. Vigueraren gola, Ligan sartu duen hogeita bosgarrena, penaltiz heldu da. Gainera, Numantzia 10 jokalarirekin geratu da, epaileak Juanma kanporatu ostean. Mallorcaren eta Real Madril Gaztelaren golek, aldiz, apur bat adoregabetu dituzte Mendizorrotzako zaleak, eta gainera gola sartu du Numantziak, Julio Alvarezen jaurtiketa batean, 3-1ekoa ipintzeko.

Partidaren azken minutuetan, Mendizorrotzak beste zelaietan izan du arreta, Gasteizen bertan baino gehiago. Azkenenean, argi irabazi du Alavesek, eta Jaeneko partida prestatu beharko dute hemendik aurrera Albertok eta bere jokalariek.

Fitxa teknikoa:

3 - Alaves: Crespo, Oscar Rubio, Samuel, Jarosik, Raul Garcia, Beobide (Juanma, 84. m), Manu Garcia, Guzman, Stevanovic (Ion Velez, 77. m), Tejera (Emilio, 59. m), Viguera.

1 - Numancia: Raul; Isidoro, Gaffoor, Juanma, Ripa; Regalon, Julio Alvarez; Natalio (Vicente, 56. m), Bedoya, Victor Andres (Palanca, 56. m), Sergi Enrich (Pedro Martin, 74. m).

Golak: 1-0, 26. m: Guzman. 2-0, 49. m: Manu García. 3-0, 55. m: Viguera, penaltiz. 3-1, 64. m: Julio Alvarez.