Itxi

Futbola

Premier League

Steven Gerrardek Liverpool utziko du denboraldiaren amaieran

Erredakzioa

Albistea klubak eta jokalariak berak iragarri dute ostiral goizean. “Bizitza osoan hartutako erabakirik zailena izan da”, esan du kapitainak.

0:54

Steven Gerrardek Liverpool taldea utziko du denboraldiaren amaieran, bere ibilbide profesionaleko ia 17 urte bertan eman ostean.

"Gorrien" kapitainak 34 urte ditu gaur egun eta ibilbide mamitsua izan du Liverpoolen. Zortzi urterekin iritsi zen klubera, eta ordutik ona 10 titulu irabazi eta 695 partida jokatu ditu 180 gol sartuta.

Liverpoolek bere webgunean argitaratutako oharraren arabera, Gerrardek ez du futbola utziko, baina ez du argitu zein taldetara joango den. Hori bai, talde berria ez da Erresuma Batukoa izango.

Jokalari ingelesak onartu egin du Liverpool uzteko erabakia bere bizitzan hartutako "gogorrena" izan dela, baina momentu honetan hartu duela bere etorkizunaren inguruko zurrumurruak saihesteko, izan ere, kapitainak denboraldiaren amaiera arte dauka kontratua.

Joateko momentua iritsi arte, taldeak Ingalaterran eta Europan arrakasta lor dezan buru belarri airtuko dela esan du Gerrardek.

"Agur esatea oso zaila izango da"

"Liverpool taldea nire bizitzako zati handi eta garrantzistua izan da, eta agur esatea oso zaila izango da, baina guztion onerako dela sentitzen dut, nire familia eta kluba barne".

Kapitainak argi utzi nahi izan du bere talde berria ez dela Liverpoolekin lehiatuko.

"Ibilbide profesionalean eta bizitzan gauza berriak egin nahi ditut, eta hori da nire erabakiaren oinarria. Nire ibilbidea bukatzean ez dut damutzeko ezer eduki nahi", azaldu du Liverpooleko jokalariak.

Erresuma Batuko zenbait hedabideren arabera, baliteke Gerrard AEBeko talde batera joatea.