Itxi

Futbola

LaLiga

Ligako klubek soldata igo diote Tebasi Italiara joan ez dadin

AGENTZIAK | eitb.eus

1,2 milioi kobratuko ditu oinarrizko soldata gisa, eta beste 250.000 euro sari aldakorretan. Bost klubek besterik ez dute erabakiaren aurka bozkatu, tartean, Athleticek eta Real Madrilek.

  • Javier Tebas, Ligako presidentea. Argazkia: EFE

    Javier Tebas, Ligako presidentea. Argazkia: EFE

Ligako batzordea osatzen duten klubek ezohiko batzarra egin dute astearte honetan Madrilen, helburu bakarrarekin: Javier Tebas presidenteari soldata igotzea. Igoera horrekin lortu nahi dutena da Tebas Italiako ligara joan ez dadila; izan ere, bertako kluben patronala zuzentzeko eskaintza bat dauka, zeinari buruz Tebas berak "zirraragarria" dela esan duen.

Astearte honetan onartutako igoeraren ostean, Tebasek ,2 milioi kobratuko ditu oinarrizko soldata gisa, eta beste 250.000 euro sari aldakorretan. Horrez gain, kontratu berriak klausula berezi bat erantsiko du, zeinaren arabera, Tebasek ezin izango du beste kirol lehiaketaren bat zuzendu Ligako presidente izateari uztea erabakitzen duenetik denbora tarte jakin bat igaro arte.

Batzarraren ostean zabaldu diren hainbat informaziok dionez, bost izan dira soldata igoeraren aurka agertu diren klubak. Iturri guztiek ziurtzat jo dute Athletic eta Real Madril bost horien artean daudela (As egunkariak baieztatu egin du). Beste iturri batzuen esanetan, bi horiekin batera agertu dira Reala eta Celta ere (Marcak hala zabaldu du).