Replace this text with the error page you would like to serve to clients if your origin is offline.
Itxi

Futbola

Munduko Txapelketa

Ingalaterrak Nigeria kanporatu du, penaltietan, eta Munduko Txapelketako final-laurdenetarako sailkatu da

EITB MEDIA

Ez da golik izan partidako 120 minutuetan, baina Ingalaterra, luzapenean jokalari bat gutxiago izan badu ere, finago aritu da penaltietan; hain zuzen, 4-2 gailendu da horietan.

  • Kellyk, azken penaltia sartuta, eta Greenwoodek Ingalaterraren garaipena ospatu dute. Argazkia: EFE.

    Kellyk, azken penaltia sartuta, eta Greenwoodek Ingalaterraren garaipena ospatu dute. Argazkia: EFE.

Ingalaterrak Nigeria kanporatu du, astelehenean, Australia eta Zeelanda Berrian jokatzen ari diren 2023ko Munduko futbol Txapelketako final-zortzirenetan, eta final-laurdenetara sailkatu da; kanporaketa horretan, Kolonbia edo Jamaika izango du aurkari Ingalaterrak, larunbatean, hilaren 12an. Sarina Wiegmanek entrenatzen duen taldeak penalti jaurtiketetan eskuratu du sailkatzea, partidako 90 minutuak eta luzapena 0-0 amaitu baitira, Ingalaterra 85. minututik hamar jokalarirekin aritu bada ere. Penaltietan, baina, Ingalaterrako selekzioa 4-2 gailendu da.

Ingalaterra (Europako egungo txapelduna) faborito zen final laurdenetara pasatzeko; multzo fasean, Sarina Wiegmanen jokalariek erakutsi zuten sasoi onean zeudela, eta bikain sailkatu ziren. Nigeria ere ondo aritu zen aurreneko fasean, eta meritu handiz egin zuen aurrera. Ez zirudien Ingalaterrak aurkari samurrik izango zuenik Brisbaneko neurketan.

Egia esan, jokoak arrazoia eman die hori uste zutenei. Ez da argitasun handirik izan 90 minutuetan, eta bi selekzioen maila oso parekoa izan da. Gainera, 85. minutuan, Lauren James Ingalaterrako jokalaria kanporatu dute. Jamesek (bere taldeko golegilerik onena lehen fasean) aurkari bat zapaldu du, baloirik gabeko jokaldi batean, eta epaileak txartel gorria atera dio. Hala, luzapeneko 30 minutuetan Nigeriak jokalari bat gehiago izango zuen, eta hori erabakigarria izan zitekeen.

Luzapenak, baina, ez du ezer konpondu. Nigeriak presio handia egin du, eta zenbait alditan nagusi izan da golaren bila. Azken minutuetan, Oshoalak, area barruan, erremate ona egin du ezkerrez, baina baloia erdira irten zaio, eta ezin izan du sareetara bidali. Handik gutxira, Englandek, Nigeriako areara erdiratutako baloi batean, modu arriskutsuan orraztu du, eta Ingalaterrak gertu izan du garaipena. Baloia ez da barrura joan, eta penaltiek zehaztu dute irabazlea, azkenean.

Penalti jaurtiketetan, Ingalaterraren nagusitasuna argia izan da. Bi selekzioek huts egin dute lehenengo jaurtiketa, baina bigarrenean Ingalaterrak aurrea hartu du, eta ez dio garaipenari ihes egiten utzi. Bosgarren jaurtiketan, Chloe Kellyk aukera zuen Europako txapeldunari sailkapena emateko. Kellyk txokotik sartu du gola, eta horrela amaitu da kanporaketa.

Final-laurdenetan, Ingalaterrak Kolonbia edo Jamaika izango du aurkari. Asteartean arituko dira nor baino nor gehiago, Euskal Herrian 10:00ak direnean, eta final laurdenetako kanporaketa larunbatean jokatuko dute, 12:30ean gurean.

Fitxa teknikoa

0 (4) - Ingalaterra: Mary Earps; Jess Carter, Alex Greenwood, Millie Bright; Lucy Bronze, Georgia Stanway, Keira Walsh (120. min, Katie Zelem), Lauren James, Rachel Daly; Lauren Hemp (106. min, Beth England) eta Alessia Russo (88. min, Chloe Kelly).

0 (2) - Nigeria: Chiamaka Nnadozie; Michelle Alozie, Ashleigh Plumptre, Osinachi Ohale, Blessing Demehin; Toni Payne (114. min, Desire Oparanozie), Christy Ucheibe, Halimatu Ayinde (91. min, Jennifer Echegini), Rasheedat Ajibade, Ifeoma Onumonu (58. min, Asisat Oshoala); eta Uchenna Kanu (81. min, Francisca Ordega).

Penaltiak: 0-0: Stanwayk, kanpora. 0-0: Oparanoziek, kanpora. 1-0: Englandek, gola. 1-0: Aloziek, kanpora. 2-0: Dalyk, gola. 2-1: Ajibadek, gola. 3-1: Greenwoodek, gola. 3-2: Ucheibek, gola. 4-2: Kellyk, gola.

Epailea: Melissa Borjas (Honduras). Lauren James kanporatu du, txartel goria aterata, 85. minutuan.