Itxi

Futbola

Hypermotion Liga

Amorebietak galdu egin du Eldenseren aurka (0-2), eta salbaziora hurbildu gabe jarraitzen du

L.U. | EITB MEDIA

Amorebietak eta Eldensek Lezaman neurtu dituzte indarrak, etxeko taldearen beharrak markatutako partidan. Ortuñok aurretik jarri du Alacanteko taldea neurketako lehen minutuetan, eta Mario Soberonek partida erabakita utzi du bigarren zatian.

  • Amorebieta vs Eldense Argazkia: @SDAmorebieta

    Amorebieta vs Eldense Argazkia: @SDAmorebieta

Amorebietak 2-0 galdu du Fernando Estevezen Eldenseren aurka Lezaman jokatu duen Hypermotion Ligako 23. jardunaldiko partida. SD Amorebietak azken jardunaldian Oviedon lortutako berdinketari (1-1) jarraipena emateko asmoz egin dio aurre neurketari, baina ezin izan du punturik eskuratu.

Alacanteko taldea nagusi izan da zelaian partidaren lehen minutuetatik, eta 8. minutuan iritsi da talde bisitariaren lehen gola. Janto Ortuñok area erditik eskuinarekin errematatu du, eta atearen eskuinaldetik bidali du baloia sareetara.

Amorebieta kolpeari buelta ematen saiatu da, baina ez du lortu, eta markagailua kontra zuela joan da atsedenaldira.

Atsedenaldiaren ostean, urdinek aurrerapausoa eman dute golaren bila. Berdinketa gertu egon da 46. minutuan. Korner baten ostean, Jorge Mierrek eskuinarekin errematatu du area kanpotik, ezker zutoinetik oso gertu, baina kanpora joan da.

Urdinek ez dute amore eman, baina Eldensek partida erabakita utzi du 75. minutuan, bigarren gola eginda. Mario Soberonek buruz errematatu du area erditik, eta Camposen atean sartu du baloia.

Emaitza honekin, Amorebieta sailkapeneko azken postuan dago, salbaziotik zortzi puntura, eta garaipenik gabeko zazpi partidako bolada batean bi puntu besterik ez du lortu.

 Fitxa teknikoa

0 - Amorebieta: Pablo Campos; Jorge Mier (Luis Quintero, 81. min), Etxeita, Felix Garreta, Alvaro Nuñez; Dorrio (Morcilo, 78. min), Sibo (Eraso, 78. min), Alex Carbonell, Rayco; Edwards (Troncho, 46. min) eta Jauregi (Unzueta, 66. min).

2 - Eldense: Alvaro Acebes; Toni Abad, Iñigo Piña, Dumic, Marc Mateu; Clemente (Cris Montes, 69. min), David Timor (Capo, 69. min), Sergio Ortuño, Alex Bernal (Doue, 82. min); Ivan Chapela (Jorquera, 60. min) eta Juanto Ortuño (Mario Soberon, 60. min).

Golak: 0-1, 8. min: Juanto Ortuño. 0-2, 68. min: Mario Soberon.

Epailea: Alvaro Moreno Aragon (Madril). Txartel horia erakutsi die Sibo (77. min) etxeko jokalariari eta Timor (69. min) eta Piña (89. min) bisitariei.

Gertakizunak: Hypermotion Ligako 23. jardunaldiko partida, Lezamako 2. zelaian. Berdegunea ez zegoen egoera onean, eta mila bat zale izan dira partida bertatik bertara ikusten.