Itxi

Futbola

F Liga

Athletic garaile, Realaren aurka Reale Arenan jokatutako derbian (0-1)

EITB MEDIA

Nahikari Garciak egin du, bigarren zatian, David Aznarren taldeari hiru puntuak eman dizkion gola.

2:11
Reala vs Athletic Club

Athleticek garaipena lortu du Realaren aurka Reale Arenan jokatutako euskal derbian. Nahikarik egin du garaipenaren gola, F Ligako 21. jardunaldiko neurketan. Bilbotarren bosgarren garaipena jarraian da Ligan.

Lehen zatia orekatua izan da, joko askorik gabekoa. Lehen abisua Realak eman du lehenengo minutuan. Eskuin hegaletik egindako erasoan, Cecilia Marcosek baloia erdiratu du, eta Amaiur Sarriegik ezin izan du baloia ondo errematatu.

Pixkanaka, bilbotarrak esnatzen joan dira, eta erasora jo dute, baina Elene Leteren arean arrisku handirik sortu barik.

Aukerarik argienak donostiarrek izan dituzte; batez ere, atsedenaldiaren atarian. 41. minutuan, Natalia Arroyok zuzendutako taldea gola sartzear izan da Marcosek egindako jaurtiketa baten bidez, baina Nanclares atezainak erantzun bikaina eman dio.

Atsedenaldiaren ostean, gipuzkoarrak jaun eta jabe izan dira zelaian, eta Athletic nekez atera da bere zelaitik. Amaiurrek eta Franssik arriskua sortu dute Nanclaresen inguruan. Ceciliak ere aukera oso ona izan du 51. minutuan, baina Nanclaresek bikain atera du eskua baloia gora bidaltzeko.

Nahikariren gola

Realaren minuturik onenak izan dira, eta orduan iritsi da Athleticen gola. Nahikarik jokaldi pertsonala egin du area barruan, aurkari guztiak gainditu ditu, eta baloia Elene Leteren atean sartu du.

Gola kolpea izan da txuri-urdinentzat. Erantzuten saiatu dira, baina zuri-gorriek ondo eutsi diete Realaren saiakerei.

Azkenean, Athleticek ereman ditu hiru puntuak, eta Realarekin duen aldea 7 puntura handitu du.