Itxi

Futbola

EUROPAKO FINAL HANDIAK

Xabi Alonsoren Bayer Leverkusen eta Jose Luis Mendilibarren Olympiakos, Europako finaletan

ETB MEDIA

Bayer Leverkusenek Europa Ligako finala eskuratu du Erromaren aurka berdinketa lortuta (2-2). Bien bitartean, Jose Luis Mendilibarrek historia egin du Olympiakos lehen finalera eramanda, Unai Emeryren Aston Villa berriro mendean hartuta (2-0).

  • Olympiakoseko jokalariak garaipena ospatzen Argazkia: EFE

    Olympiakoseko jokalariak garaipena ospatzen Argazkia: EFE

Atalanta BCk 3-0 irabazi dio ostegun honetan Olympique Marseillari eta Bayer Leverkusenen aurka jokatuko du Europa Ligako titulua lortzeko. Izan ere, Bayer Leverkusenek AS Romaren aurka lortutako berdinketak (2-2) finalerako txartela eman dio. Bien bitartean, Jose Luis Mendilibar entrenatzaile bizkaitarrak Konferentzia Ligako finala eskuratu du Olympiakos taldearekin, Aston Villari 2-0 irabazita.

Bayer Leverkusenek enegarren miraria egin du Erromaren aurkako dueluaren amaieran. Izan ere, Xabi Alonsoren jokalariek 49ra igo dute galdu gabeko partiden bolada, Europako futbolaren erregistro historiko berria.

Nahiz eta erromatarrak 0-2 aurretik jarri diren Leandro Paredesek sartutako bi penaltiekin, bata atsedenaldia baino lehen eta bestea aldageletatik itzuli eta gutxira, 'Laterkusen' en legenda beste bi golekin handitu da 80. minututik aurrera. Oraingoan, 1-2koa Gianluca Mancinik bere atean sartu du, korner baten irteeran egindako errebotean.

Alemaniako taldearen behin betiko berdinketa Josip Stanisicek egin du (2-2). Horrela, Xabi Alonsoren taldeak, maiatzaren 22an, final handia jokatuko du Dublin Arenan.

Bien bitartan, euskal entrenatzaileen arteko hitzorduan, Jose Luis Mendilibarrek Unai Emeryk baino irribarre gehiago egin du. Ayoub El Kaabiren biko batek, joaneko partidan Birminghamen 2-4 garaipena lortzeko hiru gol egin zituenak, Konferentzia finalerako txartela lortu baitu. Horrela, Olympiakosek Fiorentina izango du aurkari, maiatzaren 29an, Atenasko AEKren zelaian.

Jose Luis Mendilibar entrenatzaile bizkaitarra bere bigarren titulu kontinentala jarraian lortzen saiatuko da, joan den urtean Sevillarekin Europa Ligako txapeldun izan ostean.