Itxi

Reala

2-0, Barçaren aurka

Epaileak eta zoritxarrak maldan gora jarri diote kanporaketa Realari

A.B.

Gonzalez Gonzalezek ez du Velari egindako penaltia adierazi, eta hurrengo jokaldian Busquetsek 1-0ekoa egin du. Jarraian, Iñigo Martinezek txartel gorria ikusi du. Realak bere atean sartu du 2-0ekoa.

2:04

Realak 2-0 galdu du Bartzelonaren aurka Camp Noun jokatu duen Errege Kopako finalerdietako joaneko partida. Gonzalez Gonzalez epaileak eta zoritxarrak eragin dute talde txuri-urdinak kanporaketa maldan gora izatea.

Partida ondo hasi da txuri-urdinentzat. Bigarren minutuan, Griezmannek area kanpotik jaurtiketa indartsua egin du, eta Pinto atezainak Realaren lehen gola eragotzi du. Abagune honen ondoren, Bartzelona izan da jaun eta jabe, baina Zubikarai bikain ibili da, eta gol asko eragotzi ditu. Hamaikagarren minutuan, baloia solte geratu da area barruan, Messi errematea egiteko prest egon da, baina Zubikaraik baloia aldentzea lortu du azkarrago ibili delako. Hurrengo jokaldian, Alexisen errematea oso gutxigatik kanpora joan da.

Bartzelonak izandako bi abagune horien ostean, norgehiagoka lasaitu egin da, eta lehen zatiko azken txanpara arte ez da abagune argirik egon. 39. minutuan, Messiren falta jaurtiketak langa jo du, eta, 42.ean, Realak markagailuan aurrea hartzeko aukera izan du, baina Pinto atezainak ondo salbatu du Velarekin izan duen buruz burukoa. Velak oso behartuta egin du errematea Mascheranok area barruan besotik heldu baitio. Mascheranok penalti argia egin dio Velari, baina epaileak ez du penaltia adierazi nahi izan. Hurrengo jokaldian, Bartzelonak 1-0ekoa sartu du Realaren zoritxarrerako. Realeko defentsa ez da area barrutik baloia aldentzeko gai izan, eta Busquetsek gola egin du (1-0). Gainera, gola hartu ostean, Iñigo Martinezek epaileari protesta egin dio, eta txartel gorria ikusi du. Ondorioz, Reala 1-0 galtzen eta jokalari bat gutxiagorekin iritsi da atsedenaldira.

Bigarren zatian jaun eta jabe izan da Bartzelona, eta talde katalanak hainbat abagune sortu ditu. Realak oso gaizki pasatu du bigarren zatian, baina Zubikarairekin topo egin dute Barçako jokalariek. Realeko atezainak gelditu bikainak egin ditu, eta Bartzelonaren abagune argiak ezerezean utzi ditu. 59. minutuan, ordea, zoritxarreko jokaldi baten ondorioz etorri da Bartzelonaren bigarren gola. Alexisen jaurtiketak zutoina jo du, Elustondok baloia aldentzen saiatu da, baina, Zubikarai jo ondoren, sare barrura joan da (2-0).

Partidaren azken txanpan, Realak ahal izan duen moduan babestu du bere atea. Bartzelonak abagune argi batzuk sortu ditu, baina Zubikarairen geldituek eta Bartzelonako jokalarien punteria faltak 2-0ekoa utzi dute markagailuan.

Fitxa teknikoa:

2 - Bartzelona: Pinto; Alves, Pique, Mascherano, Jordi Alba, Busquets, Xavi, Cesc (Tello, 85. min), Pedro, Alexis (Iniesta, 74. min) eta Messi.

0 - Reala: Zubikarai; Zaldua, Mikel Gonzalez (Carlos Martinez, 19. min), Ansotegi, Iñigo Martinez, Jose Angel, Elustondo, Gaztañaga, Zurutuza, Griezmann (Seferovic, 83. min) eta Vela (Canales 73. min).

Golak: 1-0: Sergio Busquets (43. min). 2-0: Zubikarai, 60. min (b.a.).

Epailea: Gonzalez Gonzalez.