Itxi

Reala

14. jardunaldia

Realak jipoia jaso du Madrigalen (4-0)

Erredakzioa

Etxekoek sartutako lehen golak (62.ean) lur jota utzi du taldea, eta azkenean gol-zaparrada mingarria jaso dute.

1:28

Realak gol-zaparrada mingarria jaso du Vila-realen aurka (4-0), Madrigalen jokatutako 14. jardunaldiko norgehiagokan.

Parekatua izan da txuri-urdinek eta Marcelinoren taldeak jokatutako lehen ordu erdia. Moyesen taldeak ondo hasi du partida, baina etxekoek minutuek aurrera egin ahala eskuratu dute baloiaren jabetza.

Luciano Viettok izan du aurreneko 45 minutuetako abagunerik onena, 10. ean. Jokalari argentinarra bakarrik geratu da Zubikarairen aurrean, Iñigo Martinezen akatsa baliatuta, baina gora bidali du baloia. Atsedenaldira heldu aurretik, Vila-real izan da nagusi, eta donostiarrek asko sufritu dute. Bruno izan da susperraldi horren gakoa.

Vila-realeak lehen zatiko nagusitasunari eutsi dio bigarrenean, eta erasoan jarraitu du. 57.ean zutoinera bidali du baloia Viettok, eta 62.ean markagailua estreinatu du Brunok, merezita. Jokalariak zuzenean jaurti du falta bat, baloia langara joan da eta Zubikarain jo eta gero marra gainditu du.

Gipuzkoarrak lur jota geratu dira, eta Vila-realek lanean jarraitu du, 2-0ekoaren bila. Eta 72.ean lortu du, Cheryshevek egindako golari esker. Ederra izan da errusiarrak ezkerrarekin sartutakoa.

Marcelinoren taldea ez da horrekin konformatu, eta Moi Gomezek hirugarren sartu du, amaierarako hamar minuturen faltan. Moik berak biribildu du markagailua, 4-0ekoa sartuta (86.ean).

Etxekoek ez dute amore eman, eta Zubikaraik birritan saihestu behar izan du bosgarrena. Realak ondo prestatu beharko du Athleticen aurka, datorren igandean, jokatu beharreko euskal derbia.

Fitxa teknikoa:

4- Vila-real: Asenjo; Mario, Gabriel, Victor Ruiz, Jaume Costa; Trigueros, Bruno (Pina, 83'), Jonathan, Cheryshev (Gerard Moreno, 81'); Vietto eta Uche (Moi Gomez, 75').

0- Reala: Zubikarai; Carlos Martinez, Ansotegi, Iñigo Martinez, De la Bella; Granero, Ruben Pardo (Chory Castro, 64); Xabi Prieto, Zurutuza (Finnbogason, 76'), Canales (Hervias, 86'); Vela.

Golak:

1-0. 63': Zubikarai, bere atean.

2-0. 72': Cheryshev.

3-0. 79': Moi Gomez.

4-0. 85': Moi Gomez.