Itxi

Reala

29. jardunaldia

Puntu bat lortu du Realak Malagan, Pardoren golari esker (1-1)

S. L | EITB.EUS

Reciok etxekoen gola egin du 54.ean, baina Realak ez du amore eman eta puntu bat eskuratu du amaierarako zortzi minuturen faltan, errioxarrak egindako golarekin.

2:24

Realak puntu bat eskuratu du Rosaledan Malagaren aurka (1-1), Ruben Pardok 82. minutuan egindako golari esker.

Javi Graciaren taldeak intentsitate handiko hasiera eman dio neurketari, eta aurreneko ordu laurdenean norabide bakarra izan du jokoak. 12.ean baliorik gabe utzi du epaileak Juanmik sartutako gola, eta ondo egin du, jokalaria jokoz kanpo baitzegoen. Malagak ez du nagusitasun horretatik onurarik lortu, eta minutuek aurrera egin ahala suspertu egin da Reala. Neurketa parekatu egin da.

21.ean gutxigatik ez da Agirretxe Chroy Castrok eskuinetik egindako erdiraketara heldu, eta 27.ean birritan harrapatu behar izan du Kamenik Canalesek egindako jaurtiketa. Minutu bat geroago 0-1ekoa egiteko parada paregabea izan du Granerok, baina baloia kanpora bidali du.

Atsedenaldira heltzeko minutu batean faltan, Castroren gola saihestu du Kamenik. Moyesenek aurkaria baino hobetu bukatu dute lehen zatia, eta markagailua estreinatzeko aukera garbiak sortu dituzte.

Bigarren zatiari ere hasiera indartsua eman dio Malagak, eta 54.ean markagailua estreinatu du Reciok (1-0). Samu Castillejok falta bat atera du eta erdilariak buruz zulatu du sarea. 60.ean norgehiagoka berdintzeko gol-aukera izan du Chory Castrok, baina kontrola luzeegia atera zaio eta Kamenik baloia harrapatu du.

65.ean aldaketa bikoitza egin du Moyesek: Ruben Pardo eta Hervias sartu dira, Granero eta Canalesen ordez. 67.ean jaurtiketa bortitza atera zaio Bokari, baina Rullik kornerrera bidali du. Erabakigarria berriro ere atezain argentinarra. 77.ean Castroren ordez zelairatu da Finnbogason.

Ruben Pardok partida berdindu du 82.ean gol ederra sartuta (1-1). Gol horri esker, puntu bat erdietsi dute gipuzkoarrek. Hurrengo asteartean Atleticoren aurka neurtuko dituzte indarra, Vicente Calderonen.

Fitxa teknikoa:

1.- Malaga CF: Kameni; Rosales, Sergio Sanchez, Weligton, Boka; Amrabat (Javi Guerra, 89'), Darder, Recio, Castillejo; Samu Garcia (Horta, 61') eta Juanmi (Duda, 73').

1.- Reala: Rulli; Zaldua, Ansotegi, Iñigo Martinez, Yuri; Xabi Prieto, Markel Bergara, Granero (Pardo, 65'), Chory Castro (Finnbogason, 77'); Canales (Hervias, 65') eta Agirretxe.

Golak:

1-0, 55': Recio.

1-1, 83': Pardo.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea