Itxi

Reala

Euskal derbia

Golik gabeko berdinketa Realaren eta Athleticen artean

Erredakzioa

Euskal derbia berdinduta amaitu da (0-0) Anoetan, eta talde bakoitzak puntu bana eskuratu du. Txuri-urdinek 6 puntu dituzte, eta zuri-gorriek, 4 puntu.

  • Reala-Athletic. Argazkia: EFE

    Vela eta Laporte Anoetan jokatu den Reala-Athletic partidan. Argzkia: EFE

Realak eta Athleticek golik gabe (0-0) berdindu dute Anoetan jokatu duten euskal derbia. Lehia parekatua izan da, jokaldi polemiko batzuk izan ditu, baina golak falta izan dira. Emaitza ez da ona ez gipuzkoarrentzat ez bizkaitarrentzat.

Talde txuri-urdina indartsu zelairatu da, baina Athleticek azkar erreakzionatu du, eta lehia azkar parekatu da. Zuri-gorriek izan dute lehen abagunea, baina Raul Garciak bosgarren minutuan egin duen jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora. Realaren erantzuna 12. minutuan etorri da. Zurutuzaren jaurtiketa, ordea, indarge iritsi da Iraizozen eskuetara. Realak abagune bikaina izan du 27. minutuan; Zurutuzak pase bikaina eman dio Canalesi, eta kantabriarraren jaurtiketa kanpora atera da Etxeita jo ostean. Lehen zatia amaitu orduko, 39. minutuan, Illarramendik eskuarekin moztu du Adurizek area barruan egin duen errematea, baina epaileak ez du ezer adierazi. Penalti argia izan da, eta Illarramendiri bigarren txartel horia barkatu dio Velasco Carballok.

Etxeko taldeak Athleticek baino hobeto ekin dio bigarren zatiari, eta Canalesek lehen zatian izan duenaren antzeko abagunea huts egin du, 51. minutuan. Zurutuzak pase bikaina egin du area barrura, eta Canalesek errematea kanpora bidali du Iraizozen ate aurrean. Hamaika minutu geroago, 62.ean, Beñatek area kanpotik egin du jaurtiketa, baina kanpora joan da. Adurizek ere ez du abagune txarra izan 65. minutuan, baina Rullik ondo erantzun dio, gola eragotziz.

Azken minutuetan, Reala nagusi izan da, baina 78. minutuan epaileak beste txartel hori bat barkatu dio Illarramendiri, baloia eskuarekin mozteagatik. Norgehiagokaren azken txanpan, txuri-urdinek erasora jo dute, eta Realak oso abagune argia izan du 86. minutuan. Iraizozek Brumaren erdiraketa desbideratu du, eta Velaren errematea Athleticeko defentsa lerroak aldendu du.

Amaieran, ez da golik izan Anoetan (0-0), eta, ondorioz, puntu bana talde bakoitzarentzat.

Fitxa teknikoa:

0 - Reala: Rulli; Elustondo, Diego Reyes, Iñigo Martinez, De la Bella; Illarramendi, Ruben Pardo, Zurutuza (Xabi Prieto, 72. min); Canales (Bruma, 72. mi), Vela eta Agirretxe (Jonathas, 86. min).

0 - Athletic: Iraizoz; De Marcos, Etxeita, Laporte, San Jose, Balenziaga; Beñat (Iturraspe, 80. min), Susaeta (Lekue, 90. min), Sabin Merino (Williams, 72. min), Raul Garcia; eta Aduriz.

Epailea: Velasco Carballo.