Itxi

Reala

Europa Liga

Realak Erromaren aurkako kanporaketa Anoetak lagunduta nahi du irauli, final laurdenetara sailkatzeko

Erromako Olinpikoan izandako 2-0ekoak gutxienez bi gol egitera behartzen ditu Imanolen gizonak; horrek kanporaketa luzapenera eramango luke. Aurreikuspena da Realaren hamaikakoan ez izatea aldaketa askorik Italiako neurketarekin alderatuta. Partida 21:00etan hasiko da.

  • David Silva ondo dabil, eta ezinbestekoa izango da osteguneko neurketan. Argazkia: EFE.

    David Silva ondo dabil, eta ezinbestekoa izango da osteguneko neurketan. Argazkia: EFE.

Realak, ostegunean, 21:00etan, Europa Ligako final zortzirenetako bere kanporaketaren itzuliko partidan, markagailua irauli behar du Erromaren aurka, txapelketan jarraitzeko txartela bereganatzeko. Erromako Olinpikoan izandako 2-0ekoak gutxienez bi gol egitera behartzen ditu Imanolen gizonak, kanporaketa luzapenera eramateko aukera izateko, eta hiru goleko aldea lortzeko, sailkatzearen helburua gauzatze aldera. Aurreikuspena da Realaren hamaikakoan ez izatea aldaketa askorik, Italiako neurketarekin alderatuta.

Jose Mourinhok entrenatzen duen Erromak, bere etxean, erakutsi egin zuen talde sendoa dela, eta abantaila ona lortu zuen; dena dela, aurreko asteburuan, Italiako Ligan, hamahirugarren postuan dagoen Sassuolok mendean hartu zuen Olinpikoan, lau gol sartuta (3-4). Reala, testuinguru horretan, partida bikaina egiten saiatuko da; txuri-urdinek asmatu beharko dute, eta, Erromaren atearen aurrean, abaguneak ahalik eta ondoen aprobetxatu.

Donostiako taldeak ez zuen neurketa txarra egin joanekoan. Egia da Erromak azken minutuetan sartutako bigarren gola (Marash Kumbullak 86.ean egin zuen) egoera zaildu egin zuela Realarentzat. Mourinho entrenatzailea da Erromaren baliabide nagusietakoa; entrenatzaile portugaldarrak atzealdeko lan onean oinarritzen ditu bere taldeek izaten dituzten arrakastak, eta, beraz, Realaren ahalegina izango da erasoan duen kalitatea eta abiadura erabiltzea, txapelketan aurrera egiteko dituen aukerak handitzeko asmoz.

Aurreikuspena da Realaren hamaikakoan, Erromako partidarekin alderatuta, ez izatea nobedade askorik. Ematen du ziurra dela Mikel Merinok jokatzea, kontuan izanik igandean, Ligan, Mallorcaren aurkako partidan, txartel gorria jaso zuela, eta, beraz, ezingo duela Elxen aurka aritu. Carlos Fernandezek ere izan litzake aukerak titular izateko, Mallorcan gola sartu eta gero; gainera, bera ere izango da baja Elxen aurkakoan, Son Moixen bosgarren txartela ikusi zuelako. Nolanahi ere, Alexander Sorloth izaten da beti Realeko entrenatzailearentzako lehen aukera.

Erromak, bere aldetik, konfiantza txikiagoa izango du Donostiako partida erabakigarriari begira, Sassuoloren aurka porrota izan ostean. Italiarrek zazpi partida zeramatzaten etxeko talde gisa golik jaso gabe, Ligako bost eta Europa Ligako bi. Igandean, Mourinhoren taldeak Lazioren aurkako derbia izango du, baina entrenatzaileak argi utzi du eskura dituen baliabide guztiak erabiliko dituela Olinpikoan eskuratutako aldeari eusteko. Erromak hori partida jarraian daramatza bisitari gisa garaipenik lortu ezinik.

Balizko hamaikakoak:

Reala: Remiro; Gorosabel, Le Normand, Zubeldia, Rico; Zubimendi, Merino, Brais, Silva; Kubo eta Sorloth.

Erroma: Rui Patricio; Mancini, Smalling, Ibañez; Karsdop, Matic, Cristante, Spinazzola; Pellegrini, Dybala; Abraham.

Epailea: Istvan Kovacs (Errumania).