Itxi

Reala

Andratx 0 - 1 Reala

Realak aurrera egingo du Errege Kopan, Andratxen aurka sufrituz irabazita

EITB MEDIA

Imanol Alguacilen taldeak 0-1 nagusitu da Mallorcan, Andre Silvak sartutako gol bati esker. Andratxek oso estu jarri dio garaipena Realari, eta azken unera arte saiatu da berdinketa lortzen.

2:55

Realak 0-1 irabazi du Andratxen kontra asteazken honetan, Errege Koparen bigarren kanporaketan Sa Plana estadioan jokatutako partidan. Hala, txapelketako hurrengo faserako sailkatzea lortu du Donostiako taldeak. Lan zaila izan dute Imanolek entrenatzen dituen jokalariek, Andratxek oso ondo kokatuta jokatzeaz gain, ez duelako amore eman. 

Andratxek gogor ekin dio defentsan hasieratik, eta Realari aurrera egiteko zailtasun ugari eragin dizkio, nahiz eta donostiarrek baloia mendean izan. Lehen 20 minutuetan, ez dute aukera garbirik izan, ez Realak ezta Andratxek ere. 23. minutuan iritsi da etxekoen lehen aukera garbia, area ertzetik egindako jaurtiketa bati esker, baina Marrerok erraz gelditu du. Handik lau minutura, Andre Silva izan da buruz aukera izan duena; Vicenc atezainak, ordea, ondo eutsi dio. Realeko jokalari portugaldarra berriz saiatu da, buruz oraingoan ere, 37. minutuan. Lehen zatia amaitzeko bi minutu baino geratzen ez zirenean, Mallorcako taldea aurretik jartzeko zorian izan da, Giaquintok gutxigatik kanpora botatako jaurtiketa batekin.

Bigarren zatian, Reala erasoan indar handiagoz lan eginez zelairatu da. Andre Silvak sartu du Gipuzkoako taldearen lehen gola, 55. minutuan, Le Normand eta Odriozolaren konbinazio polit bat aprobetxatuz, baloia sareetara bidalita. 

Jose Contrerasek entrenatzen dituen jokalariek ez dute amore eman, eta aurrera eginez jarraitu dute, norgehiagoka berdintzeko asmoz. Besteak beste, baloiarekin abiatzean Realak egindako akats baten ondorioz, zutoin gainetik kanpora joan den Peñaforten jaurtiketa arriskutsua ekarri du.

75. minutuan, Zubimendi eta Merino zelairatuta, Donostiako taldeak kontrola berreskuratu du zelai erdian. Dena den, luzapenaren bila jarraitu dute etxekoek. Peñafortek aukera garbi bat huts egin du azken minutuan. Halaxe amaitu da partida, 0-1 Realaren alde. Horrenbestez, Errege Kopan aurrera egingo dute donostiarrek. 

Fitxa teknikoa:

0 - Andratx: Vicenc, Aveldaño, Kevin, Bonet (Alberto Fernandez, 63. minutua), Flaque (Peñafort, 63. minutua), Castedo (Garry, 46. minutua), Mati Fernandez, Isma (Gallardo, 14. minutuan), Ramis (Juanca, 82. minutuan), Miquel Jaume eta Giaquinto.

1 - Reala: Marrero, Odriozola (Elustondo, 75. minutua), Le Normand, Pacheco, Aihen, Olasagasti (Zubimendi, 75. minutua), Urko (Merino, 68. minutua), Turrientes, Zakharyan, Dadie (Kubo, 68. minutua) eta Andre Silva (Sadiq, 68. minutua).

Golak: 0-1, Andre Silva, 55. minutuan.

Epailea: Jose Maria Sanchez Martinez. Txartel horia atera dio Aveldañori, jokaldi baten ostean protesta egiteagatik.