Itxi

Reala

Arrisku handiko partida

Hauek izango dira Donostian ezarriko diren segurtasun-neurriak, Reala-PSG partidua dela eta

AGENTZIAK | EITB Media

Realak eta PSGk datorren asteartean jokatuko dute Txapeldunen Ligako partida, Reale Arenan. Segurtasun Sailak eta Donostiako Udalak "arrisku handiko" norgehiagokatzat jo dute. Segurtasun-neurri nagusiek zirkulazioan izango dute eragina.

  • Segurtasun neurriak Donostian, Reala-PSG partida dela eta. Argazkia: Donostiako Udala

    Segurtasun neurriak Donostian, Reala-PSG partida dela eta. Argazkia: Donostiako Udala

Ertzaintzak eta Donostiako Udaltzaingoak segurtasun-neurri bereziak hartuko dituzte datorren asteartean -martxoaren 5ean-,  Realak eta PSGk Reale Arenan jokatuko duten Txapeldunen Ligako partida dela eta.

Frantziako taldearen jarraitzaileak bertaratuko direla eta norgehiagoka nazioarte mailakoa dela kontuan hartuta, norgehiagoka "arrisku handikoa" ebatzi dute agintariek.

Ostegun honetan, bilera egin dute Ertzaintzaren, Udaltzaingoaren, Donostiako Udalaren eta Realaren ordezkariek, segurtasuna eta herritarren egunerokotasuna bermatzeko neurriak ezartzeko.

Segurtasun Sailak eta Donostiako Udalak zabaldutako oharraren arabera, neurriak hiri osoan hartuko badira ere, batez ere Reale Arena estadioaren inguruko -Amara- zirkulazioan izango du eragina.

Horrela, bada, ibilgailuen joan-etorria galarazita egongo da zonalde horretan, 19:00etatik 21:00etara bitartean.  

Horrez gain, Amara Berri inguruan ere, Pio XII plazaren eta estadioaren artean, 19:00etatik aurrera, debekatuta egongo da zirkulazioa ibilgailuentzat, garraio publikoarentzat eta larrialdietako zerbitzuentzat izan ezik.

Neurri nagusiak asteartean jarriko badituzte ere, segurtasun dispositiboan astelehenetik egongo da martxan.

Testuinguru horretan, agintariek garraio publikoa erabiltzeko eta estadiora denboraz joateko deia egin dute.