Itxi

Reala

Alaves-Reala derbia

Realak Alaves mendean hartu du Mendizorrotzan (0-1)

EITB Media

Alavesek partidu eskasa jokatu du, eta Realak norgehiagoka hasieratik izan du kontrolpean. Donostiarren gola Jon Pachecok egin du, bigarren zatian.

  • Jon Pacheco, taldekideekin gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Jon Pacheco, taldekideekin gola ospatzen. Argazkia: EFE

Realak 0-1 irabazi dio Alavesi, arratsalde honetan, Mendizorrotzan, eta hiru puntu garrantzitsu eskuratu ditu, datorren denboraldian Europan jokatu ahal izateko.

Imanol Alguacilen taldea hasieratik eta amaiera arte izan da nagusi norgehiagokan, eta babazorroek ez dute ahalmenik izan euren mailarik onena emateko. Horrenbestez, oraingoz ez daukate ziurtatuta datorren denboraldia Lehenengo Mailan jarraituko dutela.

Donostiarrek kontrolpean izan dute partida, eta hainbat aukera sortu dituzte, baina atea aurrean ez dute asmatu. Ander Barrenetxeak eta Mikel Oyarzabalek izan dituzte abagunerik onenak.

29. minutuan, adibidez, epaileak baliorik gabe utzi du Oyarzabalek sartutako gola, jokoz kanpo zegoelako.

Testuinguru horretan, Alavesek kontraerasora jokatzen saiatu da, eta, halako batean, Luis Riojak egindako jaurtiketa batek zutoina jo du.

Lehen zatia amaitzear zegoela, Take Kubok zelaitik alde egin behar izan du, min hartuta.

Bigarren zatian partida ez da aldatu, eta gipuzkoarrek nagusi izaten segitu dute. Realaren gola Jon Pachecok egin du, buruz, korner baten ostean.

Une horretatik aurrera, arabarrak gora joaten ahalegindu dira, baina Realak baloia kontrolpean izan du, eta ez dio norgehiagoka berdintzeko aukerarik eman.

Gauzak horrela, Reala seigarren postuan dago sailkapenean, eta Alavesek jaitsiera postuetatik zazpi puntura jarraituko du.

FITXA TEKNIKOA

0 - Alaves: Sivera; Gorosabel, Rafa Marin, Abqar, Javi Lopez; Guevara (Benavidez, 66. min), Blanco, Guridi (Panichelli, 66. min); Vicente (Giuliano, 75. min), Rioja (Abde, 75. min) eta Samu (Kike Garcia, 75. min).

1 - Reala: Remiro; Traore, Zubeldia, Pacheco, Galan; Zubimendi, Merino, Zakharian (Turrientes, 83. min); Kubo (Becker, 44. min), Oyarzabal (Silva, 69. min) eta Barrenetxea (Tierney, 69. min).

Epailea: Hernandez Maeso. Txartel hori bana atera die Guevarari, Abgarri, Merinori eta Pachecori.

Gola: 0-1: 59. min, Pacheco.

Gertakariak: EA Sports Ligako 30. Jardunaldia. 18.572 ikusle izan dira Mendizorrotzan. Alavesek 600. partida jokatu du Lehenengo Mailan eta, norgehiagokaren atarian, 1930ean debuta egin zuen taldea omendu dute.