Itxi

Txapeldunen Liga

Zozketa

Finalerdiak: Bayern – Barça eta Borussia Dortmund – Real Madril

Joaneko partidak apirilaren 23-24ean jokatuko dira eta itzulekoak apirilaren 30ean eta maiatzaren 1ean. Final handia Wembleyn izango da, maiatzaren 25ean.

  • Bartzelonak Bundesliga aise irabazi berri duen Bayern Munich izango du arerio. Efe.

    Bartzelonak Bundesliga aise irabazi berri duen Bayern Munich izango du arerio. Efe.

Real Madrilek eta Bartzelonak Bayern Munich eta Borussia Dortmund izango dituzte aurkari, hurrenez hurren, Txapeldunen Ligako finalerdietan. Zozketa Nyonen egin dute, Suitzan, UEFAren egoitza nagusian.

Norgehiagokez gain, final handian etxeko talde bezala nork jokatuko duen erabakitzeko ere zozketa egin dute, eta, emaitzaren arabera, Borussia eta Real Madrilen arteko partidako garaileari suertatu zaio.

Bayern Munich eta Bartzelonaren arteko joaneko partida apirilaren 23an jokatuko da Allianz Arena futbol zelaian. Itzulerakoa, berriz, maiatzaren 1ean izango da, Camp Nou zelaian.

Finalerdietako beste norgehiagokari dagokionez, Borussia Dortmundek eta Real Madrilek apirilaren 24an jokatuko dute joanekoa Dortmunden, eta itzulerakoa apirilaren 30ean, Bernabeu zelaian.

Finala Londreseko Wembley estadioan izango da, maiatzaren 25ean, larunbata. Partida horretan, Borussia eta Real Madrilen neurketako irabazlea arituko da etxeko talde bezala.

Bayern Munich-Bartzelona

Bayern sekulako denboraldia egiten ari da: Jupp Heynckesen esanetara, Bundesliga aise irabazi berri dute, Borussia Dortmund bigarren sailkatuari 20 puntuko aldea aterata.

Finalerdietako lehen partidari begira, alemaniarrek ezin izando dute Mario Mandzukic aurrelaria zelairatu, zigortuta dagoelako. Azken partidetan ikusitakoaren arabera, Claudio Pizarrok hartuko du ziurrenik Mandzukicen lekua.

Bi taldeek 2009an jokatu zuten aurrez aurre azken aldiz. Txapeldunen Ligako final-laurdenak ziren eta kataluniarrak aise nagusitu ziren etxean jokatutako joaneko partida (4-0), eta itzulerakoan bana berdindu zuten.

Borussia Dortmund – Real Madril

Real Madrilen aurkariari dagokionez, Borussia Dortmund bikain ari da Europan, nahiz eta Bundesligan Bayernen aurrean burua makurtu behar izan duen, azken bi urteetan jaun eta jabe izan ondoren.

Baina Txapeldunen Ligan ez du oraindik partidarik galdu, eta etxean jokatutako guztietan garaile atera da. Kontuan eduki behar da, gainera, sailkatze fasean "heriotzaren taldean" lehiatu behar izan duela, Real Madrilekin batera. Alemaniarrek talde beldurgarri horren lehen postuan amaitu zuten lehen fase hori.