Itxi

Txapeldunen Liga

Final-laurdenak (joanekoa)

Unitedek eta Ajaxek Bartzelona eta Juventus hartuko dituzte

Erredakzioa

Old Trafforden jokatuko da Txapeldunen Ligako final-laurdenetako Manchester United - Bartzelona partida, eta Johan Cruyff Arenan, Ajax - Juventus neurketa, 21:00etan.

  • Cristiano Ronaldo. Argazkia: EFE

    Cristiano Ronaldo, entrenamenduan Ajax-Juventus bezperan. Argazkia: EFE

Asteazken honetan, Txapeldunen Ligako final-laurdenetako bi partida jokatuko dira: Manchester United - Bartzelona, Old Trafforden, eta Ajax - Juventus, Johan Cruyff Arenan. 21:00etan hasiko dira bi neurketak.

Final-zortzirenetan ustekabekoa eman zuen Unitedek, PSG kanporatuta. Deabru gorriek 0 eta 2 galdu zuten joaneko neurketa, eta 1 eta 3 irabazi itzulikoa, baja ugari zituela. Indartsu dabil Manchesterreko taldea Ole Gunnar Solskjaer entrenatzaile karguan dagoenetik. Unitedek ez zuen asteburuan Premierreko partida jokatu, eta fresko iritsiko da.

Bartzelonak, bestalde, Ligako titulua ia erabakita utzi zuen, Atletico Madrili irabazita (2-0). Messi eta Luis Suarez sasoi betean daude. Hala ere, Ousmane Dembeleren parte hartzea zalantzan dago, nahiz eta Manchesterrera joan den alta jaso gabe.

Ajax da Txapeldunen Ligako ezusteko handienetako bat. Amsterdameko taldeak Real Madril txapelduna kanporatu zuen Bernabeun erakustaldia emanda, eta Ajaxeko jokalari gazteak Europa guztia harrituta uzten ari dira. Juventus izango dute aurrean, aurtengo Txapeldunen Liga irabazteko faborito nagusietako bat. Italiako taldean, Chiellinik ezingo du jokatu, eta Cristiano Ronaldo zalantzan dago. Portugaldarrak ez du jokatu Atletico Madrilen aurka aritu zenetik. Koltxoneroen kontra hiru gol sartu zituen, eta sailkapena eman zion Juventusi. Min hartuta egon da ordutik, baina badirudi hasieratik jokatuko duela Ajaxen aurka.