Itxi

Txapeldunen Liga

2. JARDUNALDIA

Bartzelonak markagailua irauli du (2-1) eta Liverpoolek ezustekoa ekidin (4-3)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Luis Suarezen bi golek garaipena eman diote talde katalanari 3. minututik galtzen joan eta gero. Anfielden, Liverpool 3-0 zen nagusi, baina berdindu egin diote markagailua, Salah agertu den arte.

  • Luis Suarez bere bigarren gola ospatzen

    Luis Suarez bere bigarren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Bartzelonak markagailua iraultzea lortu du Inter Milanen aurka, Luis Suarez uruguaitarrak bigarren zatian lortutako bi golei esker, eta berebiziko garrantzia duten hiru puntu bereganatu ditu Txapeldunen Ligako final-zortzirenetarako sailkatzeko bidean.

Lehen zatian, talde italiarra erabat nagusi izan da, eta hirugarren minuturako aurretik jarri da Lautaro argentinarraren golari esker. Bigarren zatiaren hasieran, Valverdek Arturo Vidal zelairatu du Busquetsen lekuan, eta txiletarrak beste bizitasun bat eman dio talde katalanaren jokoari.

Hain zuzen ere, berea izan da Suarezek boleaz errematatu duen lehen golaren erdiraketa (1-1, 58. min). Ondoren, Bartzelonak ekinean jarraitu du, baina azken minutuetara arte itxaron behar izan du garaipenaren gola sartzeko. Suarez izan da berriro golegilea, Messik jokaldi eder baten ostean eman dion baloia baliatuta (85. min).

F multzoan, Liverpoolek eta Salzburgok ikuskizun handia eskaini dute Anfielden. Etxekoak erraz ari ziren nagusitzen lehen zatiaren erdialdean (3-0, 36. minutuan). Haatik, austriarrek ez dute amorerik eman, eta lehia orekatzeko ahalmena izan dute (3-3, 66. minutuan). Handik gutxira, baina, Salah egiptoarra agertu da, eta harmailetako urduritasuna poztasun bihurtu du gaueko bere bigarren gola eginez (4-3).

H multzoari dagokionez, Ajaxek erakustaldia eman du Mestallan Valentziaren aurka (0-3). Valentziarrek partidan sartzeko aukera izan dute markagailuko aldea handia ez zenean, baina Parejok ez du asmatu penalti puntutik gola egiten eta Rodrigok zutoinera bota du beste ahalegin bat. Dena den, Celadesek zuzentzen duen taldea herbeheretarrena baino gutxiago izan da neurketa guztian zehar.

2. jardunaldiko emaitzak E, F, G eta H multzoetan:

E multzoa

Genk 0–0 Napoli
Liverpool 4–3 Salzburgo
[Mané (9'), Robertson (25') eta Salah (36' eta 69') | Hee-Chan Hwang (39'), Minamino (56') eta Haland (61')]

F multzoa

Slavia Praga 0–2 Borussia Dortmund [Hakimi (35' eta 89']
Bartzelona 2–1 Inter Milan [Luis Suárez (58' eta 84') | Lautaro Martínez (3')]

G multzoa

Leipzig 0–2 Lyon [Depay (11') eta Terrier (75')]
Zenit 3–1 Benfica [Dzyuba (22'), Ruben Dias (bere atean, 70') eta Azmoun (78') | De Tomás (85')]

H multzoa

Lille 1–2 Chelsea [Osimhen (33') | Abraham (22') eta Willian (78')]
Valentzia 0–3 Ajax [Ziyech (8'), Promes (34') eta Van de Beek (67')]