Itxi

kirolak

Heriotza

Johan Cruyff zendu da, 68 urte zituela

Agentziak | Erredakzioa

Holandarra Bartzelonan hil da, biriketako minbiziak jota.

1:32

Johan Cruyff futbol jokalari eta entrenatzaile ohia hil egin da Bartzelona, 68 urte zituela, biriketako minbiziak jota.

Berria bere web atariaren bidez iragarri dute: "Johan Cruyff hil egin da 2016ko martxoaren 24an, bere senitartekoez inguratuta, minbiziaren aurka gogor borrokatu ostean. Momentu triste honetan familiaren pribatutasuna errespetatzea eskatzen dizuegu".

Iragan urriaren 22an, Cruyffek biriketako minbizia zuela iragarri zuen bere familiak komunikatu batean eta bere webgune ofizialean. Minbizia aste horretan bertan antzeman zioten eta berehala hasi zuen gaixotasunaren aurkako tratamendua.

Handik gutxira, azaroaren 19an, holandarrak lehen agerraldia egin zuen bere gaixotasunaren berri eman zuenetik. Orduan esan zuenez, ziur zen biriketako minbiziaren aurkako borroka irabaziko zuela, eta baikor agertu zen inguruan zuen mediku-talde "aparta" ikusita.

"Minbizia daukat, baina dena ondo aterako da, konfiantzaz nago. Tratamendua hasi dut. Minbizia daukazula esaten dituzunean, ez dago ihesbiderik, eta horri aurre egitea baino ez daukazu. Borroka hori irabazi egingo dut", esan zuen Cruyffek.

Bihotzeko ebakuntza, 1991an

Entrenatzaile ohiari 1991an ebakuntza egin zioten bihotzeko arazo baten ondorioz. Orduan, erretzeari uztea erabaki zuen.

Azkenik, 'Holandar hegalariak' ezin izan du bere azken partida irabazi, baina jendearen estimua jasota, eta jasotako estimu hori eta babesa aurretik eskertu zuen, etor litekeena ikusita. "Gauza batzuk harritu egiten naute. Jende asko indarra bidaltzen ari zait, hainbeste babes jasota, nire gorputzak indar bikoitza duela ematen du. Ondo nago, eta laguntzen didan taldea aparta da", esan zuen azaroan egindako agerraldian.

Ibilbide profesionala

Johan Cruyff Bartzelonako jokalaria izan zen 1973 eta 1878 urteen artean. 184 partida jokatu eta 51 gol egin zituen. Talde kataluniarra ere entrenatu zuen, 'Dream Team' historikoa, 1988 eta 1996 artean. 1992an Europako Kopa irabazi zuen, Wembleyn, Bartzelona taldearen lehenengoa.

Aurretik, Amsterdameko Ajaxekin, zortzi Liga eta hiru Europako Kopa irabazi zituen 1964 eta 1973 artean. Taldea ere entrenatu zuen (1985-1988), eta Europako Superkopa eta Holandako bi kopa irabazi zituen.