Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Akordioa

ETBk hiru pilota jaialdi eskainiko ditu astero, esklusiban

A.E.

EiTB

Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak eta Iñaki Burutxaga Baineteko zuzendariak sinatu dute hitzarmena, hiru urterako.

01:38

Bideoak (1)

ETBk esku pilota profesional eskaintza zabaldu egin du eta aurrerantzean, ostiraletan eta igandeetan ez ezik, larunbat arratsaldeetan ere eskainiko du esklusiban. EiTBk hiru urterako akordioa sinatu du Bainet enpresarekin. EiTBren Bilboko egoitzan, Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak eta Iñaki Burutxaga Baineteko zuzendariak sinatu dute hitzarmena.

Datozen hiru urteetan, EiTBk pilota txapelketa eta jaialdi nagusiak eskaintzen jarraituko du. Urtero 150 jaialdi eskainiko ditu, baita Asegarce eta Aspe enpresek antolatuko dituzten beste jaialdi berezi batzuk ere.

Gaur (ekainak 25) sinatutako akordioaren arabera, txapelketetako kanporaketa eta final guztiak ETB1, ETB Sat, ETB HD, Canal Vasco eta eitb.eus-en eman ahal izango dira. EiTBren bidez, Buruz Buruko txapelketa, Binakako txapelketa, Lau t'erdikoa eta udan antolatzen diren jaialdi nagusiak izango dira ikusgai: San Fermin txapelketa, Andre Mari Zuriaren txapelketa, Donostiako Aste Nagusiko jaialdia, Bilboko Aste Nagusia saria, Lekeitio Hiria eta Logroñoko sanmateoetako jaialdiak, besteak beste.

Orain arte bezala, Xabier Euzkitzek eta Josean Tolosak egingo dute ostiral gau eta igande arratsaldeetako kontakizuna. Larunbatetan, berriz, Josetxo Lizartzaren eta Jokin Errastiren ardura izango da. Elena Azpeitia eta Ibon Gaztañazpi elkarrizketa eta informazio osagarrien bila arituko dira.

ETB1en emanaldiak normalean, esan bezala, ostiral gauetan eta larunbat eta igande arratsaldeetan egingo dira, uda parteko jaialdietan salbu; horiek aste barruan ere emango dituzte, beharren arabera.