Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Gernikan

Erkiaga eta Ibarluzea garaile Johan eta Lopezen aurka, Eusko Label Winter Serieseko 2. jardunaldian

EITB MEDIA

2 eta 1 gailendu zaizkie aurrelari lapurtarrari eta atzelari gipuzkoarrari, B multzoko lehen partidan (15-6, 14-15 y 5-3).

0:58
Aritz Erkiaga

Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzea debutariak hiru puntu lortu dituzte Eusko Label Winter Series txapelketan jokatutako euren lehen partidan, Johan Sorozabal eta Imanol Lopez 2. jardunaldian 2 eta 1 mendean hartuta. Urdinek, bestalde, puntu bakarra eskuratu dute.

Ikusmina izan da Gernikako Jai Alai pilotalekuan B multzoko lehen norgehiagoka ikusteko. Kantxan, bi beterano, Erkiaga bizkaitarra eta Lopez gipuzkoarra, eta bi gazte, Ibarluzea markinarra eta Johan Sorozabal lapurtarra.

Lehenengo seta ziztu bizian joan da, bikote gorria jaun eta jabe izan baita hasieratik. Erkiaga bereziki ikusgarri aritu da, joko-erakustaldia emanda. Imanol Lopezen bi hutsek eta Ispasterko aurrelariaren tanto eder batek bizkaitarrak aurretik jarri ditu lehen minutuetan, 3-0. Urdinak ez dira batere eroso egon kantxan, eta horrek gauzak erraz jarri dizkie gorriei. Horrela, eta 8 eta 0eko partzialaren ostean, bizkaitarrak 11 eta 2 aurreratu dira. Jokoa argi joan da haien alde, eta azkenean 15 eta 6 nagusitu dira.

Bigarren seta, aldiz, oso ezberdina izan da. Erkiaga eta Ibarluzea aurretik jarri diren arren, Johan eta Lopezek oso argi izan dute setak eurena behar zuela, eta berdintasuna nagusi izan da amaiera arte. 10 berdinketa izan dira, orotara, markagailuan; azkena, 14 tantora. Azkenean, Johanek eta Lopezek eskuratu dute jokoa (14-15)

Hirugarren eta azken jokoa

Azken seteko tanteoa ordura arte ikusitakoaren isla izan da: Erkiaga eta Ibarluzea aurreratu dira hasieran (2-0), ondoren bi berdinketa izan dira (2-2 eta 3-3), eta, amaieran, tantoa eta jokoa gorrientzat izan dira (5-3).

Emaitza horri esker, Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak hiru puntu eskuratu dituzte, eta Johan Sorozabalek eta Imanol Lopezek puntu bakarra.