Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa 2024

11. etapa

Milanek bigarrenez irabazi du 2024ko Giroan, eta maglia ciclaminoa sendotu du; Pogacarrek lider jarraitzen du

EITB MEDIA

Lidl-Trek taldeko txirrindulari italiarrak hamaikagarren etapa erabaki duen esprinta eskuratu du, Francavilla al Maren, eta puntukako sailkapenean duen aurreneko postua indartu egin du. Tadej Pogacarrek ez du aparteko arazorik izan maglia arrosari eusteko.

  • Jonathan Milanek garaipen argia eskuratu du, esprintean. Argazkia: EITB Media.

    Jonathan Milanek garaipen argia eskuratu du, esprintean. Argazkia: EITB Media.

Lidl-Trek taldeko Jonathan Milan txirrindulari italiarrak irabazi du, asteazkenean, 2024ko Italiako Giroaren hamaikagarren etapa, Francavilla al Maren, esprintean. Hala, Milanek, puntutako sailkapeneko lider eta maglia ciclaminoaren jabea bera, sailkapen horretan duen lehenengo postua sendotu egin du, eta aurtengo Italiako Giroan bigarrenez erdietsi du etapa irabaztea. Tadej Pogacarrek (UAE Emirates), beste egun batez, sailkapen nagusiko lider bezala jarraitzen du; etapan ez da irten Visma Lease a Bike taldeko Cian Uijtdebroeks, eta hori nabarmentzeko modukoa da, belgikarra sailkapen nagusiko bosgarren postuan baitzegoen.

Erorikoa izan da azken kilometroan, eta horrek, nolabait, esprinta markatu du, baina Milanek nagusitasun handiz lortu du irabaztea, Kaden Groves (Alpecin Deceuninck) eta Giovanni Lonardi (Polti Kometa) txirrindulariei aurre hartuta. Oraingoz, Giroko esprinterrik indartsuena da; izan ere, bi etapa ditu irabazita, dagoeneko, eta beste bitan bigarren helmugaratu da. 23 urte dituela, Lidleko ziklista sasoi betean dabil.

Italiako Giroak, ostegunean, hamalaugarren etapa izango du jokoan. Martinsicuron hasi eta Fanon amaituko da, eta 193 kilometroko ibilbidea izango du; helmugarako bederatzi kilometro geldituko direnean, txirrindulariek Monte Giove igo beharko dute, eta mendate hori, puntuagarria ez bada ere, gogortasuna badu.

Etapako sailkapena

1 - MILAN Jonathan (Lidl) 4:23:18

2 - GROVES Kaden (Alpecin) d. b.

3 - LONARDI Giovanni (Polti) d. b.

4 - PITHIE Laurence (Groupama) d. b.

5 - MOLANO Juan Sebastian (UAE) d. b.

6 - VAN POPPEL Danny (BORA) d. b.

7 - GAVIRIA Fernando (Movistar) d. b.

8 - BAUHAUS Phil (Bahrain) d. b.

9 - ANIOLKOWSKI Stanislaw (Cofidis) d. b.

10 - ZANONCELLO Enrico (VF Group) d. b.

Sailkapen nagusia

1 - POGACAR Tadej (UAE) 41:09:26

2 - MARTINEZ Daniel Felipe (BORA) + 2:40

3 - THOMAS Geraint (INEOS) + 2:56

4 - O'CONNOR Ben (Decathlon) + 3:39

5 - TIBERI Antonio (Bahrain) + 4:27

6 - BARDET Romain (DSM) + 4:57

7 - FORTUNATO Lorenzo (Astana) + 5:19

8 - ZANA Filippo (Jayco) + 5:23

9 - RUBIO Einer (Movistar) + 5:28

10 - ARENSMAN Thymen (INEOS) + 5:52