Itxi

Txirrindularitza

Puerto Operazioaren epaiketa

'Errendimendua handitzeko' jo zuten Jakschek eta Bassok Fuentesengana

Erredakzioa

Gaur, Joseba Beloki, Unai Osa, David Etxebarria eta Isidro Nozal txirrindularien txanda da, Puerto Operazioaren epaiketan. Angel Viciosoren deklarazioa atzeratu egin da, osasun arrazoiak direla eta.

1:09
Argazkia: EFE

Jörg Jaksche eta Ivan Basso txirrindulari ohiek aitortu egin dute kirol errendimendua hobetzeko jo zutela Eufemiano Fuentes medikuarengana, eta ez osasun arrazoiengatik. Txirrindulariek Puerto Operazioaren epaiketan eman zuten deklarazioa, atzoko saio luzean.

Jakschek jaso zituen odol transfusioek arauak saihestea zuten helburu, txirrindulariaren arabera. Horren hitzetan, Manolo Saiz kirol zuzendari ohiaren bitartez heldu zen Jaksche Fuentes medikuarengana. Alemanak atzo esan zuenez, zortzi urte aurretik hasi zen dopatzen, eta EPO ez erabiltzeko jo zuen Fuentesengana, "lehiaketetatik kanpoko kontrolak saihesteko".

Kirolariaren esanetan, dopina ohikoa zen txirrindularitzan, baina inork ez zuen behartu. Hamabost bat aldiz egon zen Jaksche Eufemiano Fuentesekin, eta litro erdi odol atera zion bakoitzean. Horietako batean, medikuak transfusioak egiteko lekuak markatuta zituen Frantziako Tourraren mapa bat erakutsi zion. "Hainbeste zirkulurekin ezin zen Frantzia ikusi", esan zuen Jakschek.

Atsekabetuta, dopatzera bultzatu dituzten pertsona berberek akusatu dituztela esan zuen: "Euren burua zuritzeko egin dute, jendaurrean ondo geratzeko. Euren alde dute ez dutela kontrolik jasotzen eta ezin dutela positiborik eman".

Ivan Bassok ('Birillo' ezizenez ageri da Fuentesen paperetan) Fuentesekin harremanetan bere kabuz jarri zela aitortu zuen, "txikitatik munduko txirrindularirik onena" izan nahi zuelako. 70.000 euro agindu zizkion Fuentesi 2006an, baina 15.000 baino ez zizkion ordaindu, urte horretan atxilotu zutelako medikua. Odola hiru aldiz atera zioten, horren arabera, baina "ez zuen inoiz erabili".

Gaur, Joseba Beloki, Unai Osa, David Etxebarria eta Isidro Nozal txirrindulari ohien txanda da, lekuko gisa deklaratzeko. Angel Viciosoren deklarazioa atzeratu egin dute arrazoi medikuak direla eta. Deklaratuko duten txirrindularien artean, jardunean dagoen bakarra da Vicioso.