Itxi

Txirrindularitza

Positiboak Astanan

Nibali: 'Lau tontolapiko dira, eta ez dute nirekin zerikusirik'

Erredakzioa

Astana guztion ahotan da, beste txirrindulari batek positiboa eman duela jakin ostean. "Ez da nire arazoa. Nigan eta nire kontzientzian sinesten dut", adierazi du La Gazzeta dello Sport egunkarian.

  • Vincenzo Nibali. Artxiboko irudia. Efe.

    Vincenzo Nibali. Artxiboko irudia. Efe.

"Norbaitek dopin kasuekin lotzen banau, ez du ezer ere ulertzen. Lau tontolapiko dira, eta ez dute nirekin zerikusirik. Azken kasuaren berri Internet bidez izan nuen. Bi egunez ordenagailua itzalita eduki nuen, eta piztuko ez banu, hobe. Ez dut pertsona horien jokaera ulertzen. Txirrindularitza zuzentzen dutenek merezi duten zigorra jartzea espero dut", esan dio Nibalik La Gazzetta dello Sport kirol egunkariari, biciciclismo.com atariaren arabera.

Astanan izandako laugarren positiboak talde italiarra ezbaian jarri du, eta Nibalik gogor egin du positiboa eman dutenen aurka. Hala ere, taldeari ardura guztia kendu dio.

Viktor Okishev, Ilya Davidenok, eta Maxim eta Vlentin Iglinskiy anaiak izan dira positibo eman duten txirrindulariak, lehenengo biak talde kontinentalekoak dira. "Dopina egin dutenak harrapa ditzaten espero dut. Hamar gehiago harrapatzen badituzte, pozik egongo naiz. Hori kontrolak daudela eta euren lana egiten dutelaren seinale izango da. Arazoa ez da nirea. Nigan eta nire kontzientzian sinesten dut. Baina ez naiz besteen bekatuen erantzulea", azaldu du italiarrak.

Taldeari errua botatzea ez dauka zentzurik. Jakin badakit babesleak haserre daudela eta posiblea da neurri gogorrak hartzearen alde egitea. Vinokourov eta Shefer Kazajstanen dira inbertsoreekin batzartu eta erabakiak hartzeko. Baina ezin zaie errua bota. Lizentzia erretiratzea hanka sartzea litzateke”, gaineratu du.