Itxi

Txirrindularitza

Criterium Dauphiné

Thomas De Gendt nagusitu da lehen etapan

Agentziak | Erredakzioa

Axel Domont bigarren izan da 44 segundora, eta Diego Ulissi hirugarren, 57ra. Faboritoak minutu batera sartu dira.

1:46

Thomas De Gendt Lotto Saudal taldeko belgikarrak irabazi du Criterium Dauphineko lehen etapa, zazpiko ihesaldian sartu eta iheskideak atzean utzi ostean. Lehen jardunaldi honetan 170,5 kilometroko ibilbidea egin dute txirrindulariek Saint Etiennen hasi eta amaituta.

De Gendtek 40 segundoko aldea atera dio Axel Domont frantziarrari, helmugarako zazpi kilometroren faltan erasoa jo eta iheskidea atzean utzi ostean.

Loirako haranetik egindako ibilbidean zortzi mendate igo dituzte, lehen mailakorik ez, eta azken 15 kilometroak zirkuitu batean egin dituzte.

Eguneko ihesaldia lehen 10 kilometroetan sortu da, zazpi txirrindularirekin: De Gendt, Domont, Antonio Nibali (Bahrain-Merida) – Vincenzoren anaia gaztea-, Silvio Herklotz (Bora-Hansgrohe), Romain Sicard (Direct Energie), Rubén Fernández (Movistar) eta Ángel Madrazo (Delko).

De Gendtek erasoa jo du azken igoeran. Atzetik, Nico Rochek eta Richie Portek ere erasoa jo dute, segundo batzuk harrapatzeko.

Helmugan lehena belgikarra izan da, eta bigarren Domont, 44 segundora. Atzetik Diego Ulisi eta jarraian talde nagusia, faborito guztiekin.

Astelehenean bigarren etapa jokatuko dute, 171 kilometrokoa, Saint Chamond eta Arlan artean.


"YES">