Itxi

Txirrindularitza

113 kilometro

Asleigh Moolmanek irabazi du Durango-Durango Emakumeen Saria Ane Santestebanen aurretik

Agentziak | EITB Media

AG Insurance Soudal taldeko 37 urteko hegoafrikarrak denboraldiko bere bigarren garaipena lortu du Durangon. Ez da Euskal Herrian lortzen duen lehen garaipena, 2017. urtean Emakumeen Bira irabazi zuen.

  • Asleigh Moolman, artxiboko irudi batean

    Asleigh Moolman, artxiboko irudi batea. Efe.

Asleigh Moolman (AG Insurance-Soudal) hegoafrikarrak irabazi du Durango-Durango Emakumeen Saria. Probak 113 kilometroko ibilbidea izan du.

Moolman izan da azkarrena lasterketaren buruan joan den hirukotean, eta bera iritsi da lehenengo Ezkurdi plazara, Ane Santesteban (Jayco Aula) gipuzkoarraren eta Claire Steels britainiarraren aurretik.

Hegoafrikarrak faborito nagusia zela berretsi du, eta bera izan da indartsuena tropeleko guztien artean. Helmugarako 10 kilometro falta zirenean, eraso gogorra jo du, Goiuria bigarren mailako mendatera egin duten bigarren igoeran, eta eraso horrekin lasterketa erabakita utziko zuela ematen zuen, baina ez da horrela izan.

Goiuriko gainera iristeko 400 metro falta zirenean, helmugatik 6 kilometrora, Ane Santestebanek hegoafrikarra harrapatu du, eta biek batera egin dute jaitsiera. Ondoren, kilometro baten faltan, Steels gaineratu zaie.  

Esprinta

Ingelesak aurreko biekin bat egiteko egindako ahalegina ordaindu du, eta ez du haiekin esprinta lehiatu. Azken lehian, Moolman aise gailendu zaio Santestebani.

AG Insurance-Soudal taldeko 37 urteko hegoafrikarrak denboraldiko bere bigarren garaipena lortu du Durangon. 2017. urtean, Emakumeen Bira irabazi zuen.

SAILKAPENA

1 - MOOLMAN Ashleigh (AG Insurance) 2:48:22

2 - SANTESTEBAN Ane (Jayco) + 0:02

3 - STEELS Claire (Israel) d. b.

4 - VIGILIA Alessia (Top Girls) + 0:11

5 - GHEKIERE Justine (AG) d. b..

6 - AALERUD Katrine (Movistar) d. b.

7 - CLAES Lotte (Stade Rochelais) d. b.

8 - MEIJERING Mareille (Movistar) d. b.

9 - ŽIGART Urška (Jayco) d. b.

10 - GRINCZER Natalie (Stade Rochelais) d. b.