Itxi

Txirrindularitza

Suitzako Itzulia 2023

Skjelmosek irabazi du 2023ko Suitzako Itzulia, eta Ayuso izan da onena azken erlojupekoan

EITB Media

Mattias Skjelmose da 2023ko Suitzako Itzuliko irabazlea azken etapako erlojupekoa hirugarren amaitu ostean. Juan Ayusok bereganatu du garaipena 8. etapan eta sailkapen nagusiko bigarren postuan amaitu du lasterketa. Remco Evenepoelek (hirugarren) osatu du podiuma.

2:36
Vuelta a Suiza

Mattias Skjelmose (Trek-Segafredo) da 2023ko Suitzako Itzuliko irabazlea, igande honetan, ekainaren 20an, lasterketako azken etapan hirugarren izan ostean. Juan Ayusok (UAE Emirates) bereganatu du garaipena erlojupekoan.

Zortzigarren etapa erlojupekoa izan da. Txirrindulariek St. Gallen eta Abtwil arteko 25,7 kilometroko ibilbideari egin diote aurre. Skjelmosek nahikoa izan du itzulia irabazteko etapa hirugarren emaitzarekin Ayusorekiko 9 segundora. Remco Evenepoel (Soudal-QuickStep) bigarren izan da erlojupekoan irabazlearekiko 8 segundora. Hala, Skjelmosek amaitu du Suitzako Tourra sailkapen nagusiko lehen postuan, Juan Ayuso izan da bigarren eta Evenepoel hirugarren.

Itzulia bereganatzeko faboritoen arteko lehian Remco Evenepoel izan da lehena helmugaratzen, eta Stefan Bisseggerren (EF Education-EasyPost) marka, ordura arte onena zena, hobetu du. Belgikarraren ostean iritsi da Ayuso, eta Bartzelonakoak ezarri du denbora onena. Beraz, liderra bakarrik falta zen helmugaratzeko. Skjelmosek sailkapenean Ayusorekiko zuen 18 segundoko abantaila defendatu beharra zeukan, eta helburua lortu du; Kataluniarrak baino 9 segundo gehiago behar izan ditu ibilbidea osatzeko, eta, ondorioz, Suitzako Itzulia irabaztea lortu du. Horrenbestez, Mattias Skjelmose danimarkarrak Geraint Thomasen lekukoa hartu du lasterketako palmaresean.

2023ko Suitzako Itzulia Gino Mäderren heriotzarengatik gogoratuko da. Bahrain Victorious taldeko txirrindulari suitzarra ekainaren 16an hil zen, aurreko egunean, 5. etapan, eroriko larria izan ostean.

Etapako sailkapena:

1 - AYUSO Juan (UAE) 0:32:25

2 - EVENEPOEL Remco (Soudal) +0:08

3 - SKJELMOSE Mattias (Trek) +0:09

4 - BISSEGGER Stefan (EF Education) +0:23

5 - VAN AERT Wout (Jumbo) +0:28

6 - ASGREEN Kasper (Soudal) +0:36

7 - CATTANEO Mattia (Soudal) +0:39

8 - SOBRERO Matteo (Jayco) +0:40

9 - FISHER-BLACK Finn (UAE) +0:42

10 - POWLESS Neilson (EF Education) +0:46

 

Sailkapen nagusia:

1 - SKJELMOSE Mattias (Trek) 21:17:19

2 - AYUSO Juan (UAE) +0:09

3 - EVENEPOEL Remco (Soudal) +0:45

4 - KELDERMAN Wilco (Jumbo) +2:09

5 - BARDET Romain (DSM) +2:41

6 - URÁN Rigoberto (EF Education) +2:47

7 - UIJTDEBROEKS Cian (BORA) +3:04

8 - GALL Felix (AG2R) +3:25

9 - TEUNS Dylan (Israel) +4:29

10 - TEJADA Harold (Astana) +4:57