Itxi

Txirrindularitza

ESPAINIAKO VUELTA (11. ETAPA)

Jesus Herrada nagusitu da Laguna Negra gainean; Kussek jarraitzen du lider

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Cofidis taldeko txirrindulariak hirugarren garaipena lortu du Vueltan, faboritoen artean mugimendurik egon ez den etapan.

1:38
Jesus Herrada

Jesus Herrada (Cofidis) espainiarrak irabazi du Lerma eta Laguna Negra arteko 163,2 kilometroko ibilbidea izan duen Espainiako Vueltako hamaikagarren etapa. Sepp Kuss (Jumbo Visma) estatubatuarrak, bere aldetik, lasterketako lidergoari eutsi dio.

Herrada eguneko ihesaldi onean sartu da, maila handiko beste 25 txirrindularirekin batera, Filippo Ganna (INEOS), Luis Leon Sanchez (Astana) eta Andreas Kron (Lotto Dstny) tartean zirela. Ihesaldiak bost minututik gorako errenta atera dio tropelari, etaparen garaipena bertako kideen artean lehiatzeko abantaila nahikoa.

Hala, Cofidis taldeko txirrindulariak bere aukerak baliatu ditu Vueltan lortu duen hirugarren garaipena bereganatzeko: helmugatik 200 metrora jo du erasoa, eta ihesaldiko gainerako txirrindulariek ezin izan diote jarraitu. Haren ostean helmugaratu dira Romain Gregoire (Groupama) frantziarra eta Kron (Lotto) daniarra.

Faboritoen taldeak lasai hartu du eguna, eta, ondorioz, azken garaipena lortzeko hautagai guztiak elkarrekin iritsi dira helmugara, 5:50era.

Hartara, Sepp Kuss estatubatuarrak jarraitzen du lider, Marc Soler (UAE) espainiarra 26 segundora eta Remco Evenepoel (Soudal Quick Step) belgikarra 1:09ra dituela.

Ostegun honetan, hamabigarren etapa jokatuko da, Olvega eta Zaragoza artean, 150,6 kilometrokoa.

ETAPAKO SAILKAPENA

1 - HERRADA Jesús (Cofidis) 3:29:17

2 - GRÉGOIRE Romain (Groupama) +0:03

3 - KRON Andreas (Lotto) +0:08

4 - CAICEDO Jonathan Klever (EF) +0:12

5 - THOMAS Geraint (INEOS) +0:19

6 - SÁNCHEZ Pelayo (Burgos-BH) +0:24

7 - MOLARD Rudy (Groupama) d.b.

8 - PRODHOMME Nicolas (AG2R) +0:27

9 - GODON Dorian (AG2R) +0:58

10 - GANNA Filippo (INEOS) +1:16

SAILKAPEN NAGUSIA

1 - KUSS Sepp (Jumbo) 39:27:45

2 - SOLER Marc (UAE) +0:26

3 - EVENEPOEL Remco (Soudal) +1:09

4 - ROGLIC Primoz (Jumbo) +1:36

5 - MARTINEZ Lenny (Groupama) +2:02

6 - ALMEIDA Joao (UAE) +2:16

7 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) +2:22

8 - AYUSO Juan (UAE) +2:25

9 - MAS Enric (Movistar) +2:50

10 - VLASOV Aleksandr (BORA) +3:14

11 - LANDA Mikel (Bahrain) +3:21