Itxi

Txirrindularitza

110. ekitaldia

Tadej Pogacarrek bigarrenez irabazi du Lieja-Bastogne-Lieja lasterketa

EITB MEDIA

Esloveniarrak erakustaldia eman du, azken 34 kilometroak bakar-bakarrik eginda. Bigarren, Romain Bardet izan da, 01:39ra, eta hirugarren, Van der Poel, 02:02ra. Pello Bilbaok 9. egin du, Van der Poelen denbora berean.

3:39
Tadej Pogacar

Tadej Pogacar esloveniarra (UAE Emirates) gailendu da igande honetan jokatutako Lieja-Bastogne-Lieja lasterketaren 110. ekitaldian. Pogacarren bigarren garaipena izan da, 2021. urteko edizioan ere bera nagusitu baitzen.

Esloveniarrak erasoa jo du helmugarako 34 kilometro falta zirenean, eta bakar-bakarrik joan da helmugaraino. 01:39ko aldea atera dio bertan Romain Bardet frantziarrari (dsm-firmenich PostNL) eta 02:02koa Mathieu van der Poel herbeheretarrari (Alpecin-Deceuninck). Van der Poelek ezarri du talde nagusiaren denbora, eta podiumera igo da, helmugarako 97 kilometrora izandako eroriko jendetsuak taldea hautsi eta bigarren taldean atzeratuta geratu ostean.

Talde horretan izan dira Pello Bilbao eta Ion Izagirre ere. Bizkaitarrak 9. egin du helmugan, eta gipuzkoarrak 19., Van der Poelen denbora berean.

Helmugarako 95 kilometrora izandako erorikoak hankaz gora jarri du lasterketa zenbait kilometrotan. Talde nagusia bitan zatitu da, eta Pogacarren aurkari asko atzean geratu dira, Van der Poel tartean. Aurrekoek 1 minutu eta 30 segundoko aldea ere izan dute, bi taldeek bat egin duten arte.

Lasterketa lasai joan da ordura arte, baina erorikoak eta Wanne, Stockeu eta Haute-Leveerako igoerek faborito asko atzean harrapatu dituzte.

Van der Poel izan da atzean geratu den izen handietako bat, eta hasperen batean minutu eta erdiko atzerapenarekin izan da, eta berarekin batera, Pello Bilbao eta Ion Izagirre, besteak beste. Bitartean, aurreko taldean, Pogacarren UAE-Emirates taldea tiraka hasi da, aldea handitzeko asmoz.

Thomas Pidcock britainiarra (Ineos-Grenadiers), aurtengo Amstel Gold Race lasterketako irabazlea, ere atzean geratu da.

Bi taldeek bat egin dute helmugarako 71 kilometrora.

Pogacarren zazpigarren garaipena

Igande honetan lortutakoa, denboraldi honetako zazpigarrena, kontuan hartuta, Pogacarrek 70 garaipen eskuratu ditu jada. Aurten Strade Bianche eta Kataluniako Voltako lau etapa eta sailkapen nagusia irabazi ditu.

SAILKAPENA

1 - POGACAR Tadej (UAE) 6:13:48

2 - BARDET Romain (dsm-firmenich) + 1:39

3 - VAN DER POEL Mathieu (Alpecin) + 2:02

4 - VAN GILS Maxim (Lotto) d. b.

5 - PARET-PEINTRE Aurélien (Decathlon) d. b.

6 - VANSEVENANT Mauri (Soudal) d. b.

7 - MADOUAS Valentin (Groupama) d. b.

8 - LUTSENKO Alexey (Astana) d. b.

9 - BILBAO Pello (Bahrain) d. b.

10 - PIDCOCK Thomas (INEOS) d. b.