Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra 2023

AURKEZPENA

Alpe d'Huezen bukatuko da 2024ko emakumezkoen Tourra

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Frantziako lasterketak bi jardunaldi menditsu, gorabeheraz betetako hiru etapa, beste horrenbeste etapa lau eta erlojupeko bat izango ditu.

  • 2024ko emakumezkoen Frantziako Tourreko ibilbidea. Argazkia: Frantziako Tourra

    2024ko emakumezkoen Frantziako Tourreko ibilbidea. Argazkia: Frantziako Tourra

Emakumezkoen Frantziako Tourreko aurtengo interesgune nagusia Tourmaleteko igoera izan bada, 2024ko ekitaldiak Alpe d'Huezeko aldapetan izango ditu jarrita begirada guztiak. Izan ere, abuztuaren 12an Herbehereetan hasi eta 6 egun geroago, abuztuaren 18an, amaituko den lasterketan, Alpeetako mendate entzutetsu horretako 21 bihurgune mitikoek epaile-lanak egingo dituzte, azken irabazlea nor izango den argitzeko.

Hala, emakumezkoen Tourrak aste batzuk atzeratu du bere hasiera, Parisko Olinpiar Jokoekin bat ez egiteko (uztailak 26 – abuztuak 11), eta Joko Paralinpikoen aurretik (abuztuak 28 – irailak 8) jokatuko da. Gainera, Frantziatik kanpo hasiko da lehen aldiz.

Horrez gain, proba astelehenez hasi beharko da, Olinpiar Jokoek hala behartuta, eta, lehenengo bi edizioetako zortzi etapei eusteko, antolatzaileek jardun bikoitza antolatu dute astearterako (abuztuak 13): goizean, Dordrecht eta Rotterdam hiriak lotuko dituen 67 kilometroko etapa laua korrituko dute txirrindulariek; arratsaldean, ostera, 6,3ko erlojupeko labur bati egin beharko diote aurre Rotterdam inguruan.

"Herbehereek txirrindularitza tradizio handia eta txapeldun handiak dituzte, eta, lasterketa atzerrian hastea proposatu genuenean, argi geneukan han izango zela", azaldu du Marion Rousse probako zuzendariak.

Herrialde horrek hiru etapa hartuko ditu bi egunetan, erabat lauak, Belgikara jauzi egin aurretik. Ondoren, Belgikako errepideetara lekualdatzeaz batera, lanak zailduko zaizkie parte-hartzaileei. Lehendabizi, Liejan amaituko den jardunaldi batekin, hiri horrek izena ematen dion klasikoaren ibilbideko zati handia hartuko baitu.

Bastognen hasiko den hurrengo etapa ere gorabeheratsua izango da, eta Frantziara eramango du tropela. Behin Frantzian, bertan jokatuko dira azken hiru jardunaldiak: seigarren etapa Vosgeetan zehar egingo da, eta Morteaun izango du helmuga.

Hala ere, Alpeetan jokatuko diren azken bi egunak izango dira datorren urteko edizioko erabakigarrienak, bi amaiera erabat gogorrekin: lehena, Grand-Bornanden (7 kilometroko igoera, % 5,1eko batez besteko maldekin); bigarrena, Alpe d 'Huezen (13,8 kilometroko igoera, % 8,1eko batez besteko maldekin)

"Iazko edizioak erakutsi zigun emakumezko txirrindulariak prest daudela horrelako zailtasunetarako", adierazi du Roussek.

Alpe d'Huezeko igoera "aurrerapausoa" da zailtasunean, aurretik Glandon igoko baitute, eta horrek 4.000 metroko desnibel positiboa pilatuko du, iazko Tourmaleteko etapan baino 900 gehiago.

 

2024ko emakumezkoen Frantziako Tourreko etapak:

1. etapa (abuztuak 12): Rotterdam – Haga (124 km)

2. etapa (abuztuak 13): Dordrecht – Rotterdam (67 km)

3. etapa (abuztuak 13): Rotterdam – Rotterdam (6,3 km, erlojupekoa)

4. etapa (abuztuak 14): Valkenburg – Lieja (122 km)

5. etapa (abuztuak 15): Bastogne – Amnéville (150 km)

6. etapa (abuztuak 16): Remiremont – Morteau, 160 km

7. etapa (abuztuak 17): Champagnole – Le Grand-Bornand, 167 km

8. etapa (abuztuak 18): Le Grand-Bornand – Alpe d'Huez, 150 km