Itxi

Espainiako Vuelta 2023

GARAIPENA VUELTAN

Oscar Rodriguez: 'Nire bizitzako garaipenik handiena izan da'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Euskadi-Murias taldeko txirrindulari nafarrak Espainiako Vueltako 13. etapa irabazi du, eta lehendabiziko garaipena eman dio lasterketa horretan bere taldeari.

  • Oscar Rodriguez, podiumean etapa irabazi eta gero. Argazkia: EFE

    Oscar Rodriguez, podiumean etapa irabazi eta gero. Argazkia: EFE

Euskadi-Murias taldeko Oscar Rodriguez nafarrak Espainiako Vueltako 13. etapa irabazi du ostiral honetan, eta, adierazi duenez, bere bizitzako "garaipenik handiena" lortu du gaurkoan.

"Nire bizitzako garaipenik handiena izan da, sinesten ez dudan une gogoangarria. Ez nuen uste Vueltako etapa bat irabazteko gai nintzenik, eta are gutxiago horren zaila zen hau. Nire neska-lagunaz gogoratu naiz helmugara heldu eta berehala, errepidean oihu egiten entzuten izan baitut. Baita nire familiaz, taldeaz, talde ohiez eta mundu guztiaz", adierazi du helmuga zeharkatu eta berehala.

Onartu duenaren arabera, zalantzak izan ditu etapan zehar, txirrindulari ugariz osatutako ihesaldian egon baita. "Begiz jota nuen etapa, baina ez neukan helburu nagusitzat. Irabazteko ihesaldian egon behar duzu, eta, saiatu arren, askotan ez duzu sartzea lortzen. Gaurkoan ondo atera zaigu", gaineratu du.

Rodriguezek atzetik aurrera egin behar izan du lan azken mendatean (La Camperona), ihes eginda zeuden Rafal Majka eta Dylan Teuns (BMC) harrapatzeko. "euren erritmoa jarraitzeko gai ez nintzela iritzi diot, eta alde egiteko esan diet. Gero, pixkanaka, aldea murrizten joan naiz. Euren parera iritsi naizenean, aurpegiera eskasa zeramatela konturatu naiz. Orduan, puntutxo bat gehiago jarri dut, eta helmugara artekoa egin dut", azaldu du Burlatako txirrindulariak.