Itxi

Artea

Unibertsitatearen Museoa

Moneok 'campusaren eta Iruñeko hirigunearen arteko zubia' aurkeztu du

Erredakzioa

Nafarroako Unibertsitatea Museoa 2015eko urtarrilean inaugurauko dute. 12 erakusketa areto eta 700 lagunentzako antzokia izango ditu. 22,5 milioi euroko inbertsioa egin dute altxatzeko.

Rafael Moneo arkitektoak Nafarroako Unibertsitatea Museoa aurkeztu du gaur, osteguna. Tuterarrak eraikina unibertsitateko campusaren eta Iruñeko hirigunearen arteko “zubia” izango dela esan du.

 

Eraikitze lanak bukatu egin dira, eta 2015eko urtarrilean inauguratu nahi dute. 11.000 metro koadro ditu zentroak guztira, eta, hiru solairutan, 12 erakusketa areto eta 700 lagunentzako antzoki bat ditu.

 

Moneo “oso pozik” agertu da kazetarien aurrean, eta ezaugarririk behinena “paisaian eta campusean zelan txertatzen den” dela gaineratu du.

 

Halaber, “koadroen museoa baino gehiago, jarduera askoko zentroa da”, esan du, eta “hiriaren eta unibertsitatearen arteko zubia izateko jaio da”. Haren iritziz, “Unibertsitaterako eta Iruñea hirirako kulturgunea” izango da.

Funts artistikoa

Ondare artistikoan, XX. mendearen bigarren erdialdeko nazioarteko artista handienen lanak ditu: Picasso, Kandinsky, Chillida, Tàpies, Rothko, Palazuelo eta Oteiza. 2008an Maria Josefa Huarte Beaumontek utzitako bildumari dagozkio artelanak.

Angel Gomez Montoro errektorea ere “pozik” dago Moneok eginiko lanarekin, eta eraikina “bikaina” dela esan du; izan ere, irakaskuntza zentroak eskatutakoa betetzen du eta hasiera batean ezarritako aurrekontuari lotu zaio. Guztira, 22,5 milioi euroko inbertsioa egin dute eraikin berrirako.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Iruñea gaur