Itxi

Bertsolaritza

Larunbatean

Xilaba bertsolari txapelketako finala gaur jokatuko da

eitb.eus

Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko bosgarren txapelketaren finala Baionako Lauga gelak hartuko du, larunbatean, 17:00etatik aurrera. eitb.eus-en ikusi ahalko da.

  • Sustrai Colina Xilabaren 2014ko irabazlea berriro izango da finalean. Argazkia: EiTB.

    Sustrai Colina Xilabaren 2014ko irabazlea berriro izango da finalean. Argazkia: EiTB.

Amets Arzallus, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Odei Barroso, Sustrai Colina eta Xumai Murua bertsolariak Xilaba Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko txapelketan lehiatuko dira larunbatean, hilak 12, 17:00etatik aurrera, Baionako Lauga gelan. eitb.eus-en ere ikusi ahalko da finala.

Irailaren 24an Donibane Lohizunen abiatu zen txapelketako bi finalaurrekoetan puntu gehien metatu dituzten sei bertsolari horiek egongo dira aurrez aurre larunbatean, eta lan honi aurre egin beharko diote :

Seikotearen lana (15na bertso puntuagarri)

Agurrak

8ko handian ofiziotan binaka, hiruna bertso

8ko txikian ofiziotan binaka, hiruna bertso

Banaka, 3 punturi erantzun

10eko txikian ofiziotan binaka, hiruna bertso

Kartzelan bakarka, gaia emanda hiruna bertso, doinu eta neurri librean

Buruz burukoa (9na bertso puntuagarri)

6ko motzean ofiziotan, hiruna bertso

8ko txikian ofiziotan, hiruna bertso

Kartzela bakarka, gaia emanda hiruna bertso, doinu eta neurri librean

Agurrak

Horietan guztietan ondoen aritzen den bertsolariak jantziko du txapela larunbatean. Gainera, kantaera aberatsena erakusten duen finalistak Txato saria jasoko du.

Finalerako sarrerak Internet bidez eros daitezke, 15 euroan.