Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Balorazioa

'Durangoko Azoka ederra izan da, biribila'

Natxo Velez (eitb.eus) | Durango

Balorazio positiboa egin dute antolatzaileek; “eraginkor, orekatu, mamitsu eta hunkigarria” iritzi diote aurtengoari.

Azken egunari aurre egin aurretik, Durangoko Azokako arduradunek eta musika eta liburu industrien ordezkariek 2015ekoaren balorazio positiboa egin dute. Arrate Illaro Irudieneko ordezkariak, Olatz Allika Musika Industriaren Elkarteko ordezkariak, Xabier Olarra Euskal Editoreen Elkarteko ordezkariak eta Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak egin dute agerraldia, ateak zabaldu aurretik.

Mujikaren hitzetan, edizio “eraginkor, orekatu, hunkigarri eta mamitsua” izan da honakoa. 120.000 lagun batu dira zortzi espazioetan, eta 72 boluntariok lan egin dute Kulturaren Plazaren alde.

50. edizioari dagokion gisan tarteka atzera begiratu eta, esaterako, Azokaren aitzindariak omendu badituzte ere, Nerea Mujikak azpimarratu du Azoka “etorkizunari, gazteei, begira” jarri dela: “Belaunaldi berriak sorkuntzaren eta kulturaren ardatzean jarri ditugu, sortzaile berriak, publiko berria eta eragile berriak sortzeko xedean. Euskal kultura geroratzeko estrategia ausart eta adostua behar dugu, eta aletxoa jarri dugu”.

“Durangoko Azokaren eredua sendotu dugu, herri ekimena eta erakundeak; produktu ekoitziak eta zuzeneko ekitaldiak; eta sortzaileak eta publikoa uztartzen. Espero dugu Durangoko Azokaren 50. ekitaldi honek jauzi bat ekartzea transmisioan. 2065eko euskaldunek eskertu egingo digute”, gehitu du Mujikak.

Industriaren ordezkariak, gustura

Sortzaileen izenean, Olatz Allika MIE Musika Industriaren Elkarteko kideak eta Xabier Olarra Euskal Editoreen Elkarteko kideak hitz egin dute. Lehenengoak balorazio positiboa egin du, eta “salmenta gehiago” egon direla adierazi du. Ildo horretan, Ahotsenearen papera goraipatu du (“jendeak taldeen proposamenak zuzenean ikusi, eta erosi egiten du”), eta bukatzeko, “hauteskunde garaietan gaudela baliatuta, administrazioei kultura gehiago eta BEZ gutxiago” mezua helarazi die, elkartearen izenean.

Liburuen industriari dagokionez, bestalde, Xabier Olarrak “urteroko harreran ona” izan dutela eta “pozik” daudela esan du. Hala ere, “errutina moduko batean” sartu izanaren arriskuaz ohartarazi du: “Poztuko nintzateke hemengo enpresa pribatuek, irabazi handiak dituzte horiek, horrelako ekitaldi bat babestu, bultzatu, eta, esaterako, BECera eraman beharko bagenuke. Handitu egin beharko litzateke, enpresa pribatuen eta Administrazioaren inplikazioaz”, esan du.

ioaz”, esan du.