Itxi

Euskara

Hizkuntza politika

Euskaltegietako ikasleentzako diru laguntza zuzenak % 25 gehituko dira

Erredakzioa

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 45,6 milioi euro bideratuko ditu 2015ean diru-laguntzetarako. Euskaltegietako ikasleentzako laguntza indibidualak milioi bat eurora helduko dira.

1:53

Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, berak gidatzen duen sailburuordetzak 2015ean emango dituen diru-laguntzetarako deialdien berri eman du gaur goizean Donostian, kazetarien aurrean.

Guztira, 45.624.130 euro banatuko ditu sailburuordetzak diru-laguntzatan 2015ean.

Euskaltegietako ikasleentzako laguntza zuzenak igo egingo dira, eta HABEren ikasmaila ofizialen bat gainditzen duten euskaltegietako ikasleentzako milioi bat euro izango da 2015an, 2014an baino % 25 gehiago.

“Herritarren euskara ezagutzan edo gaitasunean aurreratzen jarraitzea eta, beraz, herritar helduek euskara ikasteko aukerak erraztea, lehentasunezkoa da hizkuntza politikaren arloan. Sailburuordetzaren urteko diru-laguntza guztien % 68,03 helduen euskalduntzearen finantzaketara destinatzen da”, esan du Baztarrikak.

2015ean abiatutako berrikuntzen artean, LanHitz programaren barruko bat azpimarratu dute: orain arteko diru-laguntza deialdiaz gain, egitasmo pilotu bat jarriko da abian, hizkuntza kudeaketan aurreratuen dauden enpresek euskaraz lan egin dezaten. Bestetik, deialdi horretan bertan, multzo berezi bat eskainiko zaie elkargo profesionalek bultzaturiko ekimenei, elkargo horietako profesionalek euskaraz lan egin dezaten.

45,6 milioiko kopurua “ahalegin handia” dela azpimarratu du sailburuordeak, eta “gastutzat” barik, “inbertsiotzat” hartu ditu: “Euskararen sustapenean inbertitzen dugun euro bakoitza, euskal gizarteak bereak dituen bi hizkuntzen arteko bizikidetzan inbertitzen den euroa da” gehitu du, “eta bi hizkuntzen bizikidetzan inbertitzen dena gizarte honen bizikidetzan inbertitzen da”.

Diru-laguntzak

Helduak euskalduntzera 30.860.000 euro bideratuko dira, udal euskaltegiei (11.340.000), euskaltegi pribatu homologatuei (18.300.000), euskal etxeetako ikasguneei (220.000) eta euskaltegietako ikasleentzako zuzeneko diru laguntzei (1.000.000). Deialdi hauetan eskaerak egiteko epeak 2015eko udan irekiko dira, ikasturtez ikasturte esleitzen baitira.

Gizarte bizitzan oro har (bereziki aisialdian, kiroletan, kultur jardueratan eta testuinguru ez-formaletan) euskararen erabilera sustatzeko proiektuak dituzten enpresa eta elkarte pribatuentzat” zuzendutako deialdian 979.200 euro edukiko dituzte. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, 2015eko urtarrilaren 7tik otsailaren 9ra bitartean, biak barne.

Euskarazko hedabideei zuzendutako diru laguntzak 4.875.000 eurokoak izango dira. Egunkari, aldizkari, irrati, telebista eta Internet bidezko euskarazko hedabideren bat egiten duten enpresa pribatuek eskatu ahalko dituzte 2015eko urtarrilaren 7tik otsailaren 9ra bitartean, biak barne.

Bestalde, nagusiki gaztelaniaz diren hedabide idatzien edizio digitaletan euskararen presentzia areagotzeko, 400.000 euro erabiliko ditu Jaurlaritzak.

Informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskarazko baliabideak eta aplikazio berriak sortzen eta garatzen, eta euskararen presentzia Interneten areagotzeko ekimenak garatzen diharduten enpresa eta entitate pribatuentzat, 807.500 euro joango dira.

Lan arloan, EAEn lantokiak dituzten edo kudeaketa egiten duten entitate eta enpresa pribatuei 1.594.800 euro emango dizkiete,  eta EAEko udalentzat eta udalez gaindiko organismoentzat 2.771.000 euro.

 

Azkenik, hitzarmen bidez eta proiektu berezietarako berariazko laguntzen bidez sailburuordetzak egiten dituen ekarpenak 3.336.630 eurokoak izango dira, eta hauek jasoko dituzte: Euskaltzaindia, Euskaltzaleen Topagunea, Labayru, EHUko Euskara Institutua, EHUko Unescoren Katedra, EUDEL, UEMA, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Tokikom, ONCE, EIZIE, Galtzagorri Elkartea, Mintzola, Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, Nafarroako EKE eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa-Office Publique de la Langue Basque.