Itxi

Literatura

Maiatzak 5-16

Cees Nooteboom, Almudena Grandes eta Saizarbitoria, Literaktumen

Agentziak | Erredakzioa

Donostiako literatura jaialdia maiatzaren 5etik 16ra egingo dute. Beste askoren artean, Juan Goytisolo azken Cervantes saridunaren parte-hartzea zegoen iragarrita, baina ezingo da Donostian egon.

  • Ramon Saizarbitoriak hilaren 7an parte hartuko du Literaktumen

    Ramon Saizarbitoriak hilaren 7an parte hartuko du Literaktumen

Cees Nooteboom, Almudena Grandes, Martin Caparros, Maria Dueñas eta Ramon Saizarbitoria dira Literaktum jaialdian izango diren idazleetako batzuk. Donostia 2016ren eta aurreko ekitaldien arteko mugarri izan nahi du aurten literaturazaleen topaketak.

Literaktum maiatzaren 5etik 16ra ospatuko da, eta Zilarrezko Euskadi Sariak, Gipuzkoako Liburudenden Elkarteak ematen dituen aintzatespenak, banatzeko ekitaldiak emango dio hasiera. Horien irabazleak zein izango diren iragarri dute dagoeneko: Parinoush Saniee (El libro de mi destino) eta Danele Sarriugarte elgoibartarra (Erraiak) dira.

Juan Goytisolo Cervantes saria jaso berri duen idazle bartzelonarra ezingo da azkenik Gipuzkoako hiriburuan izan, hizlari arituko zela iragarrita bazegoen ere, osasun arazoak tarteko.

Antolatzaileek azaldu dutenez, programazio ?mestizoa? prestatu dute, idazleak eta irakurleak elkarrengana gerturatzeko. Ibilbideak atalean, Almudena Grandesek (hilak 8) eta Maria Dueñasek (hilak 11) beren lanez, literaturaz eta sormen unibertsoaz jardungo dute, Donostia Kulturatik azaldu dutenez.

Erronkak izenburupean prestaturiko atalean, Nooteboom (asteazkena, hilak 6) eta Caparros (hilak 16) ?abiada bizian eta etengabe? aldatzen ari den munduan gizarteak aurrean zer desafio dituen argitzen saiatuko dira.

Alderdi Ederren, Irakurgunea izeneko karpa paratuko dute jaialdiaren egunetan, eta, bertan, Ramon Saizarbitoriak eta Almudena Grandesek irakurleekin hitz egingo dute.

Poesiaren eta naturaren arteko harremanari ere helduko diote, hiru egunez, hilaren 12, 13 eta 16an. Hizlariak Jose Luis Padron, Jon Obeso, Teresa Calo, Rikardo Arregi, Susana Benet eta Eli Tolaretxipi izango dira.

Literatura eta gehiago atalean, literatura eta beste mintzaira artistiko batzuk harremanetan jarriko dituzte, hauen guztien esperientzian oinarrituta: Antonio Casado Rocha eta Oier Guillan; Patxi Zubizarreta, Joserra Senperena, Maddi Oihenart, Antton Valverde eta Mintxo Cemillan; eta Harkaitz Cano, Ainara Gurrutxaga eta Iban Urizar.

Gainera, zenbait liburutegik ere ekitaldiak hartuko dituzte: Garoan, hilaren 7an, solasaldia egingo dute Ignacio Carrion Librerías: aprender del pasado para afrontar el futuro liburuaren idazlearekin; Elkarren, Unai Elorriagak inspiraziogai izan dituen liburuez hitz egingo du; eta Zubieta liburu dendan, Eider Rodriguezek Samanta Schewblin argentinar ipuingilearen obra hurbilduko die bertaratutakoei.