Itxi

Literatura

Saria

Euskadi Literatura sariak, Mikel Peruarena eta Martin Olmosentzat

N.V. | eitb.eus

Mikel Peruarena euskarazko atalaren irabazleak ez du epaimahaiak emandako saria onartu. Joxe Azurmendik euskarazko saiakeraren saria irabazi du, eta Yolanda Arrietak, euskarazko gazte literaturakoa.

1:21

Euskal Literatura sarien arduradunek lau ataletako irabazleen izena iragarri dute: Mikel Peruarenak (“Su zelaiak”), Martin Olmosek (“Escrito en negro”), Joxe Azurmendik (“Historia, arraza, nazioa”) eta Yolanda Arrietak (“Argiaren alaba”) irabazi dituzte 2015eko sariak, euskarazko literatura, gaztelaniazko literatura, euskarazko saiakera eta haur eta gazteen literatura ataletan hurrenez hurren.

Sarien antolatzaileek ohartarazi dutenez, Mikel Peruarenak ez du, baina, saria onartu, aurretik, finalista zela jakitean, jakinarazi zien bezala.

Berria egunkariaren esanetan, Peruarenak 111 Akademiaren saria jasotzeak “kontraesanak eta ezinegona” sortu zizkion, eta, horregatik, “Su zelaiak” sarietatik kanpo uzteko eskatu zien arduradunei.

Su zelaiak” (Susa) Mikel Peruarenaren lana Lehen Mundu Gerraren garaian idatzitako lekukotasun eta gutunak baliatuz saretutako eleberri historikoa da. Ur Apalategi buru izan duen epaimahaiaren iritziz, garaiko kronikarien artikuluetatik hartutako adabakiez osaturiko hizkera literarioa erabiliz tragedia handi horren kontakizun gaurkotua egiten du.

Baionako Infanteriako 49. Erregimentuaren ibilerak aletuz, Lehen Mundu Gerrako krudelkeria neurririk gabeko haren kontakizun gordina dakar Mikel Peruarenak bigarren eleberria duenean, eta Felipe Juaristi, Lourdes Oñederra, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Xabier Montoia, Fermin Etxegoien, Ramon Saizarbitoria eta Bernardo Atxagaren lekukoa hartu du sariaren irabazleen zerrendan.

Gaztelaniazko arloan, “Escrito en negro” Martin Olmosen eleberriak merezi izan du, Idoia Estornes buru izan duen epaimahaiaren aburuz, Euskadi saria, “edukiaren originaltasunagatik eta bere idazkera bikainagatik”.

Martin Olmosek krimenak eta kriminalak azaltzen ditu zehaztasun handiz “Escrito en negro” bere lehen lanean.

Euskarazko saiakeraren arloan, “Historia, arraza, nazioa” Joxe Azurmendiren lana goraipatu dute. Epaimahaiaren ustez, “beste Europa bat pentsatzeko atea zabaltzen digu liburuak: obraren dokumentazio lan sakonak biziki aberasten du nazionalismoaren inguruko egungo gogoeta, eta sarritan falta zaion berme akademikoa ekartzen dio”.

Euskarazko haur eta gazte literaturaren atalean, azkenik, Yolanda Arrieta gailendu da, “Argiaren alaba” lanagatik. “Aparta” iruditu zaie epaimahaikideei, “hain zuzen, ezohikoa delako, aparteko muina duena: ez da historia liburu bat, baina historia du; ez da fikzio liburu bat, baina fikzioa ere badu; ez da biografia bat, baina biografiatik asko du”.

iatik asko du”.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Sariak