Itxi

Literatura

Sarrionandiaren polemika

'Bazekiten lana mahai gainean zegoela', esan du epaimahaiko buruak

Erredakzioa

''Harritu nau sariaren aitortzarekin arazorik ez egotea eta gero esatea dirua atxiki egingo dutela'', adierazi du Ainhoa Larrañaga Euskadi Literatura sariaren epaimahaiko buruak 'Azpimarra' saioan.

10:52
Euskadi literatura sariko epaimahaiko presidentea, 'Azpimarra' saioan

Joseba Sarrionandia (Iurreta, 1958) idazleak irabazi du aurten Euskadi literatura saria, euskarazko saiakera atalean. Eusko Jaurlaritzak ez dio saria emango, "justiziaren aurrean bere egoera erregularizatu artean". Izan ere, 1985etik ihes eginda dago Sarrionandia, ETAko kide izateagatik kartzelan zela bertatik ihes egin zuenetik.

ETB-1eko 'Azpimarra' saioan, izendapenaz eta Eusko Jaurlaritzaren erabakiak sortutako polemikaz aritu da Ainhoa Larrañaga, Sarrionandiari Euskadi Literatura saria ematea erabaki duen epaimahaiko burua.

Larrañagak esan du epaimahaiak oso argi zeukala saria Sarrionandiarentzat izan behar zela, eta hori ondo oinarrituta dagoela aktan. Eusko Jaurlaritzak saria atxikitzea erabaki izanak, baina, harrituta utzi du: ''Harritu nau saria aitortzeko arazorik ez egotea eta gero dirua atxikitzeko erabakia hartzea. Guk ez geneukan horren berri'', adierazi du.

Horren harira gaineratu duenez, Jaurlaritzak ''epaimahaikideok baino lehen'' zekien lana mahai gainean zegoela. Beraz, ''ez ditu bat-batean hartu'', esan du.

Ander Iturrioz Euskal Herriko idazleen elkarteko presidenteak balorazio pertsonala egin du. Iturriozen ustetan, saria politizatu egin da bete-betean, eta, bere hitzetan, arrazoi ''aktual'' batengatik: ''errelatoaren borroka''. Iturriozen ustetan, "galtzaileak eta irabazleak behar dituen errelato bat sortu nahi dute", eta ''horrelako figura bat ez da ongi uztartzen borroka horren baitan''. ''Bonbazo bat da eta ezin zuten onartu'', azpimarratu du.