Itxi

Literatura

Harribitxia

A Coruñako garaje batean agertu da Codex Calixtinusa

Egunkari paperarekin bilduta zegoen. Lapurreta ustez egin duen langilea bizi den eraikinean bertan aurkitu dute literatura harribitxia.

01:09
Codex Calixtinusa A Coruñako garaje batean agertu da

Codex Calixtinusa Milladoiroko (A Coruña) garaje batean agertu da. Lapurreta ustez egin duen langilea bizi den eraikinean bertan aurkitu dute harribitxia, ikerketaren iturriek jakinarazi dutenez.

Plastikozko hainbat poltsa barruan agertu da lana, egunkari paperarekin bilduta. Antza denez, onik dago liburua, Poliziak jakitera eman duenez. Hainbat adituk lana aztertuko dute orain, egoera onean ote dagoen egiaztatzeko

Ustezko lapurra bere familiarekin bizi den eraikinean bertan aurkitu dute literatura harribitxia. Espainiako Poliziak katedraleko langile ohi bat atxilotu zuen asteartean, baita bere emaztea, bion semea eta bikotea. Bihar eramango dituzte epailearen aurrera.

Duela ia urtebete desagertu zen liburua eta trasteleku bezala erabiltzen zuen atxilotutako langileak, Milladoiroko Da Cruxa kaleko 5. zenbakian.

Begoña Bravo, Bilboko emakume bat miaketaren lekuko izan da, EFE albiste-agentziari jakinarazi duenez. "Poliziak lekukoak behar zituen eta nire senarra eta biok alboan dagoen terraza batean geunden", azaldu du. Behin trastelekuaren barruan, "zilarrezko erretilu batzuk aurkitu dituzte eta katedralaren liburu batzuk ere", esan du. Porlana eta adreiluak asko ere zeuden.

Miaketarekin jarraituz, "lauzpabost boltsa" aurkitu dituzte eta banan-banan apurtu dituzte, Codexa agertu denera arte", esan dute. "Guztiok negar egin dugu, baita epailea ere", esan dio Eferi Bravok.

Objektu gehiago eta dokumentazioa

Garaje horretan bertan, Codexaren bi faksimile eta Katedraleko beste bi liburu aurkitu dituzte. Eraikinera sartzeko giltzak eta bertako arduradunen inguruko dokumentazioa eta eskutitzak ere atzeman dituzte lokalean.