Itxi

Musika

AC/DC

Phill Rudd AC/DCko bateria-jotzailearen aurkako karguak kendu dituzte

Erredakzioa

Froga nahikorik ez zegoelako erretiratu dituzte bi hilketa egiteko eskaria egin zuela zioten akusazioak. Ruddi, halere, heriotza mehatxuak egitea eta droga edukitzea egozten diote oraindik.

Zeelanda Berriko Poliziak asteazkenean Phill Rudd AC/DC australiar rock taldeko bateriaren aurka jarritako karguak erretiratu ditu. Soldatapeko hiltzaile bati bi hilketa egitea eskatu izana egotzi zioten orduan.

Paul Mabey abokatuak azaldu duenez, Koroako fiskalordeak eta Poliziak froga nahikorik ez zegoelako hartu zuten kargugabetzeko erabakia, eta, hartara, soldatapeko hiltzaile bati ustez eginiko eskariagatik zabaldutako izapideak gelditu egin dituzte.

Ruddi, halere, heriotza mehatxuak egin izana eta drogak edukitzea egozten diote oraindik ere. Matua Zeelanda Berriko hirian duen etxebizitza miatu eta gero leporatu zioten hori.

Fidantzapean aske egongo da, beraz, bateria-jotzailea, azaroaren 27ra arte, orduan galdekatuko baitute mehatxuen auziagatik eta metanfetaminak eta cannabisa edukitzeagatik.

Taldeak ohar batean argitu duenez, anabasa judizial honek ez du inolako eraginik izango etorkizun hurbilean, ez disko berriaren grabazioan ezta hori aurkezteko egingo dute biran ere. Egitasmo horiek, halere, Malcolm Young gabe gauzatuko dituzte, gaixotasun batek taldetik at utzi baitu gitarrista mitikoa.