Itxi

Musika

SDB2014

Sortuko Dira Besteak musika gala bueltan da, Bilbon eta Donostian

Erredakzioa

Alex Sardui, Mikel Urdangarin, Petti, Estitxu Pinatxo eta Olatz Pratez gain, Mixel Ducau eta John Berhout taldea izango dira. Azaroaren 30ean Bilbon eta abenduaren 27an Donostian taularatuko dute.

Hirugarren urtez, estilo eta belaunaldi ezberdinetako hainbat euskal artista Sortuko Dira Besteak galan elkartuko dira. Aurtengo edizioan, izen gehiago batu zaizkio proiektuari: Mixel Ducau kantari beteranoa, Errobi talde mitikoaren sortzailekidea, eta John Berkhout indie banda gipuzkoarra egongo dira. Horiekin batera, Alex Sardui Gatibu taldeko kantaria eta Mikel Urdangarin eta Petti kantautoreak taularatuko dira, baita bi ahots gazte ere, Estitxu Pinatxo eta Olatz Prat.

SDB2014 abiatzeko kontzertua Arriaga Antzokian izango da, azaroaren 30ean, eta abenduaren 27an Donostiako Kursaalean izango da ikusgai; horretan, Ainhoa Arteta eta Eñaut Elorrieta batuko zaizkie gainerako artistei.

Sortuko Dira Besteak galaren hirugarren edizioan, ikuskizuneko protagonisten kantuez gain, Euskal Herriko eta nazioarteko doinu klasikoak entzun ahal izango dira. Hortaz, publikoak jatorri desberdinetako kantuen aukeraketa zabal eta anitzaz gozatzeko aukera izango du, Harkaitz Cano eta Juan Garzia idazleek Pink Floyd, James Brown edo Joe Cockerren sinadura daramaten rock anglosaxoiko kantu ezagunen gainean landutako euskarazko moldapen argitaragabeak barne. Ikuskizunak tarte literarioa ere izango du; izan ere, Kirmen Uribe poetak emanaldi honetarako propio osatutako zenbait testu argitaragabe errezitatuko ditu.