Itxi

Musika

Emanaldia

Joan Baezek kontzertua eskainiko du Bilbon martxoaren 17an

EITB.EUS

'An Evening With Joan Baez' biraren baitan, emanaldia eskainiko du Euskalduna Jauregian.

  • Joan Baez

    19 urterekin grabatu zuen lehen diskoa Baezek. Argazkia: Last Tour

Joan Baez AEBko folk abeslari ezagunak kontzertua eskainiko du Bilbon 2015eko martxoaren 17an, 'An Evening With Joan Baez' biraren baitan.

Euskal Herrian emanaldi bakarra eskainiko du 'Protesta kantaren erregina'k, Bilboko Euskalduna Jauregian, hain zuzen, Last Tour promotorak jakinarazi duenez.

'Joan Baez' izenpean, 19 urte zituela grabatu zuen bere lehen diskoa, 1960an. Balada tradizionalak biltzen zituen album hark ez zuen aparteko arrakastarik izan. Urtebetera kaleratu zuen bigarren lanak,  'Joan Baez Vol.2' delakoak, ordea, sona handia eman zion eta protesta kantaren ordezkari nagusia bilakatu zuen.

'Protesta kantaren erregina'k 60ko hamarkadetako musika jaialdi garrantzitsuenetan jo zuen (gogoangarria izan zen, esaterako, Woodstocken, 1969an eskainitako kontzertua) eta mundu zabalean ezaguna egitearekin batera, hazi egin zen politikarekiko konpromisoa. Hala, garai hartako gizarte mugimenduetan aitzindari izan zen: Vietnameko Gerraren kontrako mugimenduaren irudi izan zen eta Martin Luther Kingekin batera, 1963an eskubide zibilen alde egindako martxan parte hartu zuen.