Itxi

Musika

‘Proiektu estrategikoa’

Euskal Herriko Musika Bulegoa, sektorea 'sustatu eta hobetu' nahian

N.V. | eitb.eus

Euskal Herrian musikagintzan diharduten agenteek, musikariek, aretoek eta industriako gainerako parte-hartzaileek “lankidetza sektorialeko kultura proiektu estrategikoa” aurkeztu dute gaur Bilbon.

1:49

EHMBE, Euskal Herriko Musika Bulego Elkartea, jaio da gaur, kazetarien aurrean eginiko aurkezpenean azaldu dutenez, musika-sektoreko eragileen bilgune izateko. ?Euskal Herrian sortutako eta ekoitzitako musikaren berri eman, eta profesionalen nahiz publikoaren prestakuntza eta sentsibilizazioa sendotzea? da elkartearen erronka, horien hitzetan.

Musika Bulegoa sortzeko bultzada lau elkarte sektorialek eman dute, Musika Live Euskal Herriko Areto Pribatuen Elkarteak, MIE Musika Industriaren Elkarteak, Musikari Euskal Herriko Musikarien Elkarteak eta Musikagileak Euskal Herriko Musikagileen Elkarteak, eragile publikoekin elkarlanean. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren Kultura Auzolanean programaren proiektu estrategikoa da.

Arduradunek azaldu dutenez, Musika Bulegoaren helburu nagusiak hauek dira: topaleku izatea, Euskal Herriko musikari kalitate irudia emango dioten marka eta euskarria sortzea, eta interes sektorial orokorreko ekintza eta proiektuak garatzeko aukera emango duen tresna izatea. Gainera, ?kalitatea eta profesionaltasuna handitu daitezen lan egingo du, euskarazko musika eta musika ikerketa babestu eta zabalduko ditu eta Euskal Herriko musikaren kontsumoa bultzatuko du?, besteak beste, Bulegoak, sorrera txostenean jaso dutenaren arabera.

Helburu horiek erdiesteko jardunbideak sei ardatz izango ditu, Bulegoaren arduradunek esan dutenez: Idazkaritza Tekniko batek bideratutako koordinazioa eta zerbitzu eskaintza, eztabaida sektoriala, etengabeko prestakuntza, sentsibilizazioa, promozioa eta zabalkundea eta kanpo presentzia.

Aurkezpen jaia

Halaber, ostegunean, hilak 11, Euskal Herriko Musika Bulegoaren aurkezpen ekitaldia hartuko du Stage Live Bilboko aretoak, eta, 20:30etik aurrera, Hego Haizea + Ainara Ortega eta Travellin? Brothers taldeen kontzertua egongo da, sarrera doan delarik.