Itxi

Musika

''One day in Norway''

Travellin’ Brothers: '2016a luxuzkoa izango da'

Natxo Velez | eitb.eus

Travellin’ Brothers bluesa da; Europako blues talderik onena da, izan ere. Baina hori baino gehiago ere bada: swinga, funka, soula… Eta hori berrestera dator zazpigarren diskoarekin.

1:43
Duela hamabi urte eman zuen lehen pausoa Travellin? Brothersek, Leioan. Orduan abiatu zuten anaia bidaztiek ibilbidea, AEBko hegoaldeko doinuek akuilatuta, eta orain, 820 kontzertu, ehunka mila kilometro eta milioika esperientzia geroago, zazpigarren mugarria ezarri dute, ?One day in Norway? diskoa.

Azken lan honetan, Bruselako European Blues Challengeren azken irabazleek bluesa dute oinarri, New Orleansera begira jarrita, baina, ohikoa dutenez, gospel, swing, funk, country eta folk doinuz zipriztintzen dute euren eskaintza.

Halaber, aro digital betean, Travellin? Norvegiara joan da, soinu vintage eta analogikoaren bila. Musikari guztiek batera joz grabatu dute diskoa, antzinako modura, Stax Studios Memphiseko estudioan, behinola Albert King, Aretha Franklin eta Little Miltonen musika jaso zuen mahai berean.

Aitor Cañibano taldeko gitarristarekin hitz egin dugu, Travellin? Brothersen azken pauso honetaz.

Izenari begiratuta soilik igar daitekeenez, zuen musika albait urrunen eramateko sortu zenuten taldea, eta makina bat tokitara heldu zarete jada (azken biran, 11 herrialdetan eskaini zituzten kontzertuak). Zer ekarri dio taldeari eta zuei, musikari gisa, toki hauek guztiak eta bereziki zuek egiten duzuen musikaren sorlekua ezagutu izanak?

Egia esan, ametsa bete dugu. Luxua da musikari esker horrenbeste toki ezagutu izana. Zuk diozun bezala, taldea sortu genuenean hori zen gure helburuetako bat, gure musika ahal genuen toki gehienetara eramatea, eta errealitateak fikzioa gainditu du beste behin, kasu honetan.

Bidaia hauei esker, asko hazi gara musikari eta talde gisa; izan ere, zure eskaintzak inork ezagutzen ez zaituen toki urrunetan funtzionatzen duela ikusteak zeure buruarekin duzun konfiantza eta segurtasuna handitzea dakar.

Bestalde, asko ikasi dugu bidean aurkitu ditugun musikari handiak entzunez eta ikusiz, batik bat AEBn egin ditugun bi biretan.

travellin brothers

Musikari dagokionez, bluesa duzue oinarri, baina zuen ibilbidean, besteak beste, swing, gospel eta soul doinuez aberastu duzue Travellin? Brothersen eskaintza. Zer aurkituko du entzuleak ?One day in Norway? diskoan?

Hala da, bluesa dugu abiapuntu, eta amerikar erroko soinuetan barneratu gara, beldurrik eta konplexurik gabe. Beti egin izan dugu hori: inoiz ez gara blues klasikoko taldea izan, eta nahasketa hori nabariagoa da, agian, azken urteetan. Apurka-apurka, gure nortasunaren ezaugarri azpimarragarrienetakoa da uztarketa hori, gure soinuaren bereizgarri behinena.

Diskoko doinuak bluesetik gospelera doaz, swinga, funka, countrya, folka eta New Orleanseko berezko soinuak alboratu gabe, eta denak oso modu naturalean eta gure ukitua jarrita uztartu ditugu.

Zergatik aukeratu zenuten Norvegia eta zergatik Juke Joint estudioa? Zer bilatu zenuten bertan eta, behin diskoa entzunda, zer eman dizuela uste duzue?

Hasieratik, oso argi genuen seiok batera grabatu nahi genuela, elkarrekin joz, antzinako gisan? Berehalakotasunaren magia harrapatu nahi genuen, bi urteko bira ikaragarriaren ostean bizi dugun une gozoa baliatuta.

Bilatzen genuen horretara gehien hurbiltzen zena zelako aukeratu genuen Norvegiako estudio hau, eta hiri horretan egiten zen jaialdi batean jo behar genuela probestu genuen grabazioa egiteko.

Oso pozik gaude emaitzarekin. Gure indargune nagusia zuzenekoa da, eta hori grabazio honetan argi gelditzen dela uste dugu. Gainera, diskoaz arduratu zen ingeniaria oso aditua da horrelako grabazioetan, eta estudioa oso berezia da, vintage estilokoa: Stax Studio Memphiseko estudioan erabili zuten mahaia du, bertan erabiltzen ziren mikrofonoak?

Emaitza bikaina da: garai hartako benetako soinua lortu dugu, baina egungo ukitua eman diogu, gure konposizioei esker. Oso gustura gaude emaitzarekin.

Gaztelupeko Hotsak orain arteko diskoetxea utzi duzue, eta zuen zigilu berriarekin, Magnolia Recordsekin, merkaturatuko duzue lan berria. Zergatik erabaki hori orain? Zer abantaila eta desabantaila dauzka formula horrek?

Lehenik eta behin, esan behar dugu Gaztelupeko Hotsakekin oso ondo moldatu garela. Harreman oso ona izan dugu, eta bi aldeontzat izan da onuragarria. Haien izenak asko lagundu digu, eta, beraien ikuspegitik, beren katalogoan gehien saltzen zuen taldea izan gara, seguru asko. Hartara, eurentzat ere izan da ona gure arteko harremana.

Orain, alde guztien erabateko kontrola izan nahi genuen, diskoei dagokiena ere bai. Geure burua kudeatzeko gai gara, eta taldearen egunerokoan aurrerapausoa izango delakoan gaude.

"The best is yet to come" da disko berriko aurrerapen kantua

Behin diskoa kaleratuta, zer du aurretik Travellin? Brothersek?

Aurretik duguna gehien gustatzen zaiguna da: kantuak zuzenean jotzea, eta ahalik eta jende gehienari erakustea.

Zuzeneko taldetzat daukagu geure burua, bira etengabean bizi gara, eta diskoak ezinbesteko aitzakia dira lantzean behin material berria eskaintzeko, errepertorioa berritzeko eta gure kezkak agertzeko.

12 urte daramatzagu biran gelditu gabe, baina beti saiatu gara, urte eta erdian edo bi urtean behin, material berria grabatzen eta gure eskaintza berritzen. Ezinbestekoa da talde moduan hazteko eta gero eta kalitate handiagoa izateko.

Luxuzko urtea dugu aurretik. Agenda gainezka dugu ia, diskoa atera aurretik, eta 2017rako ere itxi ditugu kontzertu batzuk. Panorama paregabea dugu aurretik: diskoa aterata, ez zaigu lanik faltako, kontzertu gehiago itxiko baititugu.

Gaur-gaurkoz, 14 herrialdetan baino gehiagotan joko dugula esan dezakegu; beraz, oso itxura ona du. Zoriontsuak gara, gehien gustatzen zaiguna egin ahal dugulako. Lan handia egin dugu horretarako, eta jarraitu egingo dugu.

Amerikar erroko musikak bolada gozoa bizi du Euskal Herrian, antza denez: Dead Bronco, Los Brazos, Moonshine Wagon? Fermin Muguruzak ere grabatu du bere azken diskoa New Orleansen! Zeri zor zaio, zure ustez, loraldi hau?

Hala ematen du, baina ez dut uste oraingo fenomenoa denik. Beti egon da amerikar erroko musikaren eszena bat.

Gertatzen dena da lehen gutxiago ikusten zela. Euskadin Euskal Rock Erradikala izan da nagusi hainbat urtez, gero euskarazko sasiheavya-ren mugimendua etorri zen, eta hori besterik ez zegoela ematen zuen. Toki handia hartu zuten, eta oso zaila zen atzean zer gertatzen ari zen ikustea. Baina horrek ez du esan nahi besterik ez zegoenik; guk egon bazegoela esan dezakegu.

Orain, Euskal Herrian horren hedatuta egon diren mugimendu horiek indarra galdu dute, nire ustez, eta, sareei esker, jendeak kanpoan egiten dena ezagutzeko aukera du, zerbait gehiago badagoela ikusten hasi da, eta horren alde egiten ari da.

Nolanahi ere, amerikar erroko musikarentzako garai txarretatik gatozenok gogo biziz borrokatu behar izan gara atsegin dugunaren alde. Gustuko dugun musikak orain une gozoa bizi baldin badu, aprobetxatu eta gozatu egingo dugu, bukatzen den arte.

Hori bai, ez larritu: moda pasatzen denean ere, jo eta ke jarraituko dugu, beti egin izan dugun bezala!