Itxi

Musika

Stop War Festibala

200 artistak gerraren aurkako oihua egingo dute Donostian

N.V. | eitb.eus

Stop War Festibala Donostia 2016k antolatutako jaialdiak gerren aurkako jarrera "aktiboa" aldarrikatuko du gaurtik aurrera: Bob Geldof, Esne Beltza, Inna Modja…

1:18

Donostiak gerraren aurkako oihu ozena egingo du gaur hasi eta martxoaren 27a bitartean, Stop War Festibala ekimenaren bitartez. 200 talde eta artista hirian paratutako lau agertokitan arituko dira, eta hausnarketa jardunaldi bat eta bakearen aldeko alkateen bilera ere prestatu dituzte topaketaren kariaz.

Egunez, Urumea ibaiaren ertzetan (Bilbo plaza, Okendo plaza eta Frantzia pasealekua) jarritako hiru agertokiek 50 ekimen baino gehiago hartuko dituzte: magia, antzerkia, musika… Oholtzotatik, kantautoreak, antzerki taldeak, Ttotelka txalaparta elektronikoa eta argia batzen dituen ikuskizuna, Mery May & The Muppets taldea, Urban 13 eta Argizulo Duben hip hop eta grafitia, Voltaia eta Rolling Dice taldea eta bertsolariak pasatuko dira.

Gainera, bi ikuskizun ibiltarik ere zeharkatuko dituzte hiriko kaleak. "Aldarri"k antzerkia, dantza eta zuzeneko musika uztartzen ditu, eta Boulevard zumardian eta Kale Nagusian ikusi ahalko da, ostiral-larunbatetan. Bestalde, Rockalean taldea hiriko kaleetatik harat-honat ibiliko da agertoki mugikor baten gainean rock doinuak eskainiz.

Gaueko programazioa

Maria Cristina zubiaren gainean jarritako agertokiak, Zubia izenekoak, hartuko ditu gaueko kontzertuak, eta zubitik bertatik eta Prim kaletik ikusi ahalko dira sei emanaldiak.

Ostiral honetan, Inna Modja Maliko artistak joko du 22:30ean, antolatzaileen hitzetan "Frantzian arrakasta handia duen eta erritmo itsaskorrak mezu sakonekin uztartzen dituen artista". Haren aurretik, 21:00etan, Niña Coyote eta Chico Tornado donostiar bikoak joko du.

Niña Coyote eta Chico Tornado

Niña Coyote eta Chico Tornado 21:00etan taularatuko dira, ostiralean

Larunbatean, Gose (21:00) eta Bob Geldof & The Boomtown Rats (22:30) taldeen txanda izango da, eta igandean Esne Beltzak "Esna" bere azken diskoa aurkeztuko du, Nick Lowe musikariaren emanaldiaren ondoren.

Gainera, Gernikako Arbola pasealekuaren inguruan, gastronomia eskaintza zabala jarriko dute egunero, eguerdiko hamabietatik goizaldeko ordu bata arte. Mundu osoko jatekoak izango dituzte herritarrek eskura bertan.

Hausnarketarako beta

Horrez gain, Stop War Festibalak hausnarketarako leihoa ere zabalduko du, "Gerra hemen hasten da" programari esker. Larunbatean, hilak 26, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, "Hiriak eta udaletxeak gerren aurrean" topaketa egingo dute, eta, besteak beste, bertan izango dira Manuela Carmena Madrilgo alkatea, Josep Mayoral i Antigas Granollers hiriko alkate eta Mayor for Peace elkartearen presidenteordea, Eneko Larrarte Tuterako alkatea, Julen Mendoza Errenteriakoa eta Eneko Goia Donostiakoa.

Ostiralean, hilak 25, Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean, hainbat hitzaldi eta eztabaida egingo dituzte, 09:00etatik aurrera, mundua astintzen duten gatazken inguruan.

Zirkulazioa, itxita

Jaialdian zehar, Maria Cristina zubia eta Gernikako Arbolaren pasealekua itxita izango dute ibilgailuek, baina oinezkoak une oro ibili ahalko dira trabarik gabe. Gainera, garraio publikoko zerbitzu batzuk indartuko dira, eta geltoki eta ibilbide batzuk aldatuko dira.

Agertokia geltokitik hurbilen dagoen tokian jarriko da, eta bi pantaila erraldoi egongo dira.

oi egongo dira.