Itxi

Musika

Musika Hamabostaldia

Gardiner eta ‘Te Deum’: bi hitzordu handi, Musika Hamabostaldian

Agentziak | Erredakzioa

Abuztuaren 4an hasiko musika klasikoko jaialdiaren hirurogeita hamazazpigarren edizioa, eta abesbatzak izango dira nagusi programan.

  • Quincena Musical Musika Hamabostaldia

    Quincena Musical Musika Hamabostaldia

Musika Hamabostaldiak aurten Kursaalen eskainiko dituen hamar kontzertuetako biren sarrerak agortuta daude dagoeneko, eta beste batzuetakoak “agortzear”, antolatzaileek esan dutenez, besteak beste, John Eliot Gardinerrek zuzendutako “Pasioa, san Mateoren arabera” eta “Te Deum” “ikusgarri bat” eskainiko dituen edizio batean.

Donostiako Musika Hamabostaldiko arduradunek zapore gazi-gozoz ekingo diote 77. edizioari abuztuaren 4an; izan ere, “opera eszenaratua” egiteko proiektua baztertu dute, aurrekontu arazoak direla eta, baina, Patrick Alfaya zuzendariaren arabera, programazioa “oso ondo” hasiko da.

Alfayaren hitzetan, jaialdiak aurrekontu publikoen mendekotasun handiegia dauka, eta, horregatik, aurten ezin izan dute, saiatu diren arren, opera eszenaratua programatu.

“2016a Donostiaren kultur hiriburutzaren urtea zela jakinik, aurrekontu handiagoa izango genuela uste genuen. Ez digute murriztu, baina iaz 300.000 euro gehiago gastatu behar izan genituen, aurten diru gehiago emango zigutela esan eta gero, eta, apur bat gehiago jarri badute ere, ez dugu genuen kopurua berreskuratu”, azaldu du.

“Te Deum”erako sarrera guztiak, ordubetean salduta

Alfaya oso pozik dago, nolanahi den, publikoak aurtengo programazioari eman dion erantzunarekin, eta itxiera kontzerturako sarrerak ordubetean agortu zirela adierazi du. “Te Deum” Berliozen lana interpretatuko dute emanaldi horretan, abuztuaren 31n, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Donostiako eta Iruñeko orfeoiek.

“Oso ikusgarria” izango da, 400 musikari baino gehiago arituko baitira. Horiek guztiak agertokian sartzeko, 150 eserleku kendu behar izan dituzte, “garestienetakoak, gainera”, Alfayak erantsi duenez.

Aurtengo edizioan, aurrekoetan baino pisu handiagoa izango dute abesbatzek, eta, Donostiako Orfeoia, Andra Mari eta Easo ohikoez gain, adibidez, Monteverdi abesbatzak, Collegium Vocale Gentek, Balthassar Neumannek eta Iruñeko Ofeoiak hartuko dute parte.

Kursaaleko zikloa sir John Eliot Gardinerrek abiatuko du, “Pasioa, san Mateoren arabera” Bachen lanean English Baroque Soloists eta Monteverdi abesbatza zuzentzen.

Beste hitzordu garrantzitsu batzuk hauek izango dira: “Don Giovanni Mozarten operaren bertsio “erdi-eszenaratua”, argi efektu eta atrezzoak lagunduta, besteak beste Christopher Maltman baritonoarekin; Budapest Festival Orchestra Donostiako Orfeioarekin batera eta Frankfurteko Irratiaren Orkestra Sinfonikoa Andra Mari Abesbatzarekin.